Urola Erdiko Itaiak irakurketa saio bateratua egingo du Azkoitian. Azaroaren 8an, larunbatez, egingo du lehen saioa Kultur Etxean (11:00), eta bertan Layla Martinezen Carcoma liburua izango dute eztabaidagai.
Emakumeen antolakunde sozialistak adierazi du emakumeentzako kultur espazioen falta sumatzen dutela. "Emakumeok egunerokotasunean ditugun zirkuluetatik at hausnartzeko elkartuko garen espazio bat falta da herrian. Saio honen helburua da, besteak beste, eleberrian agertzen diren gaiak hizpide hartuta emakumeon ezinegon pertsonalak nahiz politikoak partekatzeko espazio eroso bat sortzea".
Itaiaren arabera, duela pare bat urte "ospe ikaragarria" lortu zuen Carcoma liburuak. "Amorruz blaitutako emakume belaunaldien arteko istorio bat kontatzen du liburuak. Egunerokotasuna naturaz gaindiko elementuekin nahasten delarik, kritika sozialak eta zaurgarrienen ahotsek hartzen dute zentraltasuna. Uste dugu interesgarria izan daitekeela gai horiek guztiak azaleratzea eta horiei buruz eztabaidatzea".
Irakurketa saioa antolatu dutenek adierazi du saioan parte hartzeko ez dela nahitaezkoa aurrez liburua guztiz amaituta izatea. "Nahikoa da hausnartzeko gogoz edo beste parte hartzaileen iritziak entzuteko gogoa izatea".