Kide ugariko familientzako Hirukideren bulego ibiltaria Azkoitian izango da hilaren 11n

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 1a

Familia bereko hainbat lagun. (Pixabay)

09:30tik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara egongo dira federazioko kideak Elkargunean. Kide ugariko familientzat egun dauden abantailen eta onuren berri ematea da xedea. Lehentasunezko arreta jaso nahi dutenek, galdetegi bat bete beharko dute.

Hirukide Euskadiko Kide Ugariko Familien Elkarteen Federazioaren bulego ibiltariak Azkoitian egingo du geldialdia hilaren 11n, asteartez. Azkoitiko nahiz inguruko udalerrietako kide ugariko familiei dauden abantailen eta onuren berri emateko xedez, informazioa eskainiko dute federazioko ordezkariek, Elkarguneko Oteiza aretoan.

Besteak beste, gisa horretako familien eskubideak zein diren, laguntzen, hobarien zein baimenen informazioa, kolektibo horri eragiten dieten azken aldaketak eta berrikuntzak zein diren, Hirukidek Azkoitian zer lan egiten duen eta federazio horrek herrian nahiz inguruan eskaintzen dituen abantailak zein diren azalduko dute bi astearte barru federazioko ordezkariek.

Hirukidek galdetegi bat zabaldu du arreta zuzena eta pertsonala jaso nahi dutenek lehentasuna izan dezaten. Hala eta guztiz ere, federazioak argitu du ez dela beharrezkoa izango galdetegi hori betetzea; izan ere, Elkargunera hurbiltzen diren familia guztiei eskainiko diete haiek arreta.

09:30tik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara egongo dira federazioko kideak Elkargunean. Zalantzak edo iradokizunak argitzeko, berriz, hirukide@hirukide.com helbide elektronikora idatz daiteke edo 945-25 36 02 zein 688 72 89 31 telefono zenbakietara deitu. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide