Zarauzko hilketa matxista salatu dute hainbat herritarrek

Julene Frantzesena 2025ko urr. 17a, 19:45

Herritar hainbat gaur plazan, Zarauzko hilketa matxista salatzeko egindako elkarretaratzean. (Ane Olaizola)

Itaiak deituta, hainbat lagun elkartu dira gaur arratsaldean plazan, Indarkeria matxistari aurre egin lelopean. Indarkeria matxista "gogortzen" ari dela eta, "urgentziaz posizionatu" beharra dagoela azpimarratu du Itaiak: "Matxismoaren konplize izaten segitu edo matxismoaren aurka borrokatu". Halaber, indarkeria matxistaren kontrako borroka indartzeko unea dela ustedu Itaiak.

Itaiak deituta, herenegun Zarautzen izandako hilketa matxista salatu dute hainbat lagunek gaur arratsaldean plazan, Indarkeria matxistari aurre egin lelopean. Kostaldeko herrian 53 urteko emakume bat hiltzea leporatuta, 47 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, eta herritarrak kalera atera dira gertatutakoa salatzera.

Itaiak babesa eta elkartasuna adierazi dizkie hildako emakumearen familiakoei zein ingurukoei, eta gogorarazi du urtea hasi zenetik sei hilketa matxista jazo direla Euskal Herrian. "Astakeria hori ezin da normalizatu; hau da, ezin dira normalizatu emakumeen aurkako erasoak, jazarpena, eta horien muturreko adierazpen diren hilketa matxistak", azaldu dute.

Matxismoa "gogortzen" ari dela ohartarazi dute halaber kontzentrazioa bukatzean egin duten adierazpenaren irakurraldian, eta egoerak "urgentziaz posizionatzea" eskatzen duela esan dute: Emakumeok jasaten dugun zapalkuntzaren eta erasoen aurrean, bi aukera besterik ez ditugu: matxismoaren konplize izaten segitu edo matxismoaren aurka borrokatu".

Itaiak berretsi du eraso guztiak salatzen, erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzen eta gizartean indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia zabaltzen segituko duela. Gainera, esan du indarkeria matxistaren kontrako borroka indartzeko unea dela eta herritar denei dagokiela horretan jarrera aktiboa edukitzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide