Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak antolatuta, Ondarearen Europako Jardunaldiak ari dira egiten azken asteetan Gipuzkoan zehar, eta datorren zapatuan, hilak 18, Azkoitian egingo dute jardunaldi horien barruko hitzordu horietako bat. Alde Zaharrean dauden Lasao etxea eta Idiakez Ederra eraikinak ezagutzeko bisita gidatua egingo dute orduan, 11:30ean eliz ataritik abiatuta.
Ibilbidean zehar Azkoitiko parrokiarekin muga egiten duten Lasao etxea eta Idiakez Ederra eraikinen kanpoaldeak ezagutzeko aukera izango da, Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotziaren eskutik. Eraikin horiek dira, hain justu, Azkoitiko lehen urbanizazioaren eta defentsa sistemaren testiguak. Eraikinek duten arkitektura bereziaren berri emango dute bisitan, eta bitxikeria artistiko nahiz historiko ugari kontatuko dituzte hirigune historiko monumentalean.
Azkoitiko bi eraikin historiko horiek ezagutzeko bisita euskaraz eta gazteleraz eskainiko dute. Bisita Azkoitiko Udalak antolatu du, eta doakoa da. Hori hala, erakundeak adierazi du hitzorduan parte hartzeko interesa duenak nahikoa izango duela hitzorduaren egunean eliz atarira ordurako agertzea.