Azaroaren 11rekin batera ospatuko dituzte sanmartinak izen bereko Azkoitiko auzoan, eta aurten, asteburura arte luzatuko dituzte festak, hango bi elkarteek —Ardatz eta Mikologia— egitarau bateratua antolatu baitute egun horietarako; beraz, hilaren 14tik 16ra arteko asteburua betea izango dute auzotarrek. Besteak beste, bertso afaria, mendi lasterketa, mus txapelketa, hamaiketakoa eta umeentzako jolasak egingo dituzte elkarte batean zein bestean.
Hain zuzen, bertso afaria azaroaren 14an egingo dute, Ardatz elkartean, 21:00etan. Amets Arzallus zein Jon Maia bertsolariek girotuko dute saioa, eta hara joan nahi dutenek sarrerak eros ditzakete Ttakun, Orbela eta Zurt tabernetan, 25 eurotan. Afaria, postrea, kafea eta edaria sartzen da prezio horretan, eta txartela elkartean aurkeztu beharko da bertso afariaren egunean.