Hazkunde pertsonalean jaso duena partekatzeko asmoz, bi hilero hitzaldiak eskaintzeko asmoa du Jokin Beristainek (Azkoitia, 1983) Azkoitian, eta lehen hitzordua hilaren 23rako jarri du. Aurrenekoan doluaz hitz egingo du Elkarguneko Oteiza aretoan, 18:30ean. Aurrez izena eman behar da, 652 20 24 67 telefono zenbakira mezua bidalita.
Dolua izango duzu hizpide lehen hitzaldian, baina ez soilik heriotzak sortutakoa.
Doluaz hitz egitean, burura etortzen zaigun lehen gauza da maite dugun norbaiten heriotzak eragiten duena. Baina norberarentzat garrantzitsua den figura, estruktura edo tribu bat formaz aldatzen ari bada, hori ere dolua da; esaterako, bikote baten harreman banaketan ere dolua dago, eta hori are gogorragoa izaten da seme-alabentzat. Halakoetan zein norbait hiltzen denean, gorputzak egiten duen prozesu psikoemozionala guztiz berbera da. Ibilbide horrek bost fase ditu, eta guztiak dira ezinbestekoak: lehenengo faseak bigarrengora darama, bigarrenak hirugarrenera, eta horrela guztiak. Askotan, ordea, prozesuari ihes egiteko joera hartzen da, izan ezjakintasunagatik, mina kudeatzeko zailtasunagatik eta hutsunea edo mina duen gorputzean bizitzea zaila zein deserosoa delako. Halakoetan, maiz substantzia legalak edo ilegalak hartzen, plan mordo bat egiten edota erosketa konpultsiboak egiten hasten gara.
Zer ondorio ditu horrek?
Herren aterako gara prozesutik. Atzera begiratu, eta pentsatuko dut duela hainbat urte gertatu zen galera haren ondorioz, bestelako pertsona bat naizela gaur egun. Baina gorputza diseinatuta dugu dolurako, eta prozesua hasieratik bukaerara egiten badut, sentituko dut esperientzia horretatik nire heldutasunean itzuli bat emanda atera naizela; hau da, iraganean baino pertsona hobea, humanoagoa, izanez aterako naiz prozesutik. Hori horrela egitean eta atzera begiratzean, aldatu egin naizen sentipenik ez dut, baizik eta sentitzen dut helduagoa naizela. Era berean, horrek ahalbidetuko dit hurrengo doluei aurre egiteko konfiantza gehiago izaten.
Prozesuari ihes egiteko joera dagoela esan duzu. Gizarteak beldurra al dio doluari aurre egiteari?
Berez, gure gorputzak oso prest gaude doluari aurre egiteko. Duela mende batzuk bizi genituen gorputz berberak ditugu; aldatu dena kanpoaldea da. Teknologia gehiago dugu, eta beraz, baita doluari ihes egiteko inoiz baino estimulu eta baliabide gehiago ere. Eskuko telefonoa hartzen dugu, eta segundoan entretenitzen gara hango eta hemengo bideoak ikusiz. Era berean, bidean ihes egiteko sexua ere kontsumitzen dugu. Dena den, gure gorputza perfekzioz dago diseinatuta dolua suertatzen denean min emozionala sentitzeko eta hortik indartsuago ateratzeko. Baina ezjakintasun handia daukagu, eta eskoletan ere inoiz ez digute irakatsi bizi garen gorputzak nola funtzionatzen duen.
Askotan esaten da denborak guztia sendatzen duela. Ados al zaude?
Bai eta ez, horrek tranpa duelako. Denborari bere bidea egiten uzten eta prozesu emozionalari bere lekua egiten bazaio, orduan bai, denborak guztia sendatzen du. Baina denborak aurrera eginda ere, askok dolua trabatuta izaten dute, doluaren beraren aurka egiten dutelako borroka. Airezko globo bat ur azpian edukitzea bezalakoa da, une oro esfortzua egin behar duzu globoa azalera ez dadin. Bost faseetako bigarrena da ukazioa, gertatutakoarekin haserre egotea edo ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzea. Hor sartzen bagara eta hirugarren fasera igarotzen ez bagara, denbora geratu egiten da, eta urteetan egon gaitezke horrela.
Dolua ez da patologikoa, baina ager daitezke depresio eta antsietate egoerak prozesuan. Nola ulertzen da hori?
Lehenengo fasea da shocka, ezustekoa. Baina ez da beti agertzen, batzuetan aurrez badakizulako gertaera jazoko dela. Bigarrena da ukazioa, eta borroka horretan, normalean antsietatea pizten da. Hori naturala da, eta antsietatea amaituko da borroka egiteari uzten diodanean eta gertatutakoa onartzen dudanean. Hirugarren fasean tristurak hartzen nau, eta orduan normala da egoera depresibo batean sartzea. Fase horrek depresio baten antza du, baina ez da depresioa, doluaren fase naturala baizik. Hau da, doluaren barruan azaltzen dira antsietatea, angustia eta depresioa, baina ez dira patologikoak, nahiz eta izen eta usain bera duten.
Orain arte Donostian eskaini izan dituzu gai sozio-emozionalei lotutako hitzaldiak, eta orain Azkoitira ekarriko dituzu. Zer dela eta?
Donostian gazteleraz eskaintzen ditut hitzaldiak, baina horrekin ez nago bake-bakean ere, euskaraz ere nahi ditut-eta gauzak egin. Beraz, pentsatu dut aurten hilabete batean Donostian hitzaldia ematea, eta hurrengoan, euskaraz, Gipuzkoako beste herriren batean. Nahiko nuke bi hilero Azkoitian izatea eta niri on egin didaten gauzak herrikideekin partekatzea, baina hori herritarren erantzunaren araberakoa izango da. Erantzunik ez badago, beste lekuren batera joango naiz.
Lehenengo hitzaldian dolua izango duzu hizpide, baina aurrerantzean zertaz hitz egingo duzu?
Ekarpenak egiteko aukera izaten dute herritarrek, eta ikusten badut gairen bat interesekoa izan daitekeela, hortaz hitz egiten dut hurrengoan. Hitz egin dezaket adikzioez, pertsonen izaeraz, suizidioaz, harreman toxikoez, sexualitateaz...; finean, gure egunerokotasunean gertuagotik edo urrunagotik eragiten diguten kontuen inguruan aritzen naiz.
Adibidez, Donostian sexualitatearen bueltan ematen ditudan tailerretako lekuak segituan betetzen dira; Azkoitian, inor ez litzateke etorriko, lotsagatik edo badirudielako etortzen denak arazoren bat duela horrekin. Nire asmoa da gai hori Azkoitian ere jorratzea, baina baldin eta konfiantzazko espazio bat sortuta dagoela ikusten badut. Izan ere, interesgarria da sexualitatearen gaia, bikote guztiei gertatzen zaizkielako gauzak. Baina ezkutatu egiten dira, eta ondorioz, guztiek sufritzen dute. Hor dago sexu erritmoari dagokion kontua: bikote bat elkartzen denean, ezinezkoa da biek erritmo bera izatea, eta beti dago bikoteko kide bat frustratuta hark nahi baino sexu gutxiago duelako, eta beste bikoteko kidea, berriz, presiopean dago, ez delako iristen bestearen eskarira. Horri lekua ez emateak bikotearen sexualitatea pixkanaka urrunarazten du, eta orduan, denborarekin bikotea itzaldu, etsi, egiten da, gozamena bera ere galdu egiten baita. Horrek bikote monogamo guztiei eragiten die. Halako gauzak nola landu, zaindu eta kudeatu irakasten dut saio horietan.
Batez ere psikoterapian eta hazkunde pertsonalean garatu dituzu zure ibilbide pertsonala eta profesionala. Nondik nora iritsi zinen arlo horretan sakontzera?
Ikasketez, ingeniaria naiz, baina oso bestelako eremutik aritu naiz azken urteetan: nire amak alkoholarekin adikzioa izan zuen, eta adikzio hori etxean ezkutuan bizi genuen. Horrek asko eragin zidan emozionalki; kalean itxura bat mantendu behar, baina etxean bestelako egoera bat bizitzea egokitu zitzaidan. Niri indarrak eutsi zidanera arte, jarraitu nuen bizitza funtzionala izaten, itxura batean behintzat. Baina gehiago jasan ezin nuen unea iritsi zen, eta gorputzak pott egin zidan. Laguntza eskatzen hasi nintzen orduan, eta psikoterapeutak, trebatzaile eta aholkulariak, garapen pertsonaleko tailerrak, autolaguntza liburuak… ezagutu nituen, eta bat-batean deskubritu nuen horrek guztiak izugarri laguntzen zidala. Bizitza beste leku batetik ulertzen hasi nintzen, eta izaki funtzionalak izatetik haratago, emozionalak ere bagarela ulertu nuen; hau da, gure alderdi psikoemozionalari lekurik ez badiogu egiten, bizitza funtzionala norberaren indarra agortu artekoa izango dela ulertu nuen. Gaian formatzen hasi nintzen gero, eta besteei laguntzen azkenik. Azken urteetan, horretan dihardut.