Aspalditik buruan zebilkien asmoa bete ahal izan du aurten Oihane Larrañagak (Azkoitia, 1990). Ikasketaz ile-apaintzailea, lanbidea ere hori izan zuen, baina irakaskuntzan "muturra sartzea" erabaki zuen gero, eta Gasteizko El Carmen lanbide heziketako ikastetxean eskolak ematen ditu orain. Eta, oso bestelakoak, baina eskolak eman ditu aurten opor garaian ere. Kenyan izan da, boluntario, Xabier Unanue lankide eta herrikidearekin batera.
Aurtengo udan Kenyan izan zara, boluntario. Nola sortu zitzaizun aukera?
Berez, ez genuen eskola batean lan egiteko asmorik, baina horixe egiten bukatu genuen. Aspalditik neukan horrelako zeozer egiteko gogoa. Uda hasieran, udarako aparteko planik ez neukala eta gustura egingo nukeela horrelako zerbait komentatu nien bi lankideri. Haietako batek esan zuen bera ere antzeko zerbait egiteko aukera aztertzen ari zela eta animatuko litzatekeela. Di-da hartu genuen bidaia: Interneten informazioa lortu, gobernuz kanpoko erakunde batzuekin harremanetan jarri, horietako bat aukeratu, formularioa bete, bideo-deia egin, eta onartu egin gintuzten.
Zer GKEren bidez joan zineten Kenyara?
Adventure Volunteer. Mundu osoan dituzte proiektuak eta kontaktuak boluntario gisa parte hartu nahi duen jendearentzat. Guk Kenyako Diani Beach-en dutena aukeratu genuen. Izan ere, nik banuen beste arrazoi bat inguru hartara joateko. Zortzi urte dira aita hil zela, eta zuhaitz bat landatu nion zonalde hartan.
Lehen ere izana zinen, hortaz, Kenyan?
Ez, zuhaitza ez nuen neuk landatu, beste GKE baten bidez baizik.
Nola izan zen hori?
Aitaren omenez baobab bat landatzea erabaki nuen, aukera hori eskaintzen zuen GKE bat bazegoela jakin nuenean. Bizitzaren zuhaitz ere esaten diote baobabari. Eta, kasualitatez edo, orain boluntario ibili naizen zonalde berean landatu zuten zuhaitz hori. Nire ametsetako bat zen zuhaitz hori ikustera ailegatzea. Horrenbestez, bi amets bete ditut aldi berean. Oso polita izan zen aitaren omenez landatutako zuhaitza bertatik bertara ikustea.
Osasuntsu al dago zuhaitza?
Bai, bai, ondo dago. Bertako zuhaitzak zaintzen zituen pertsonarekin egon ginen, eta oso jator hartu gintuen. Une oso hunkigarria izan zen.
Boluntario lana eskola batean egin zenutela esan duzu, hasierako asmoa hori ez izan arren.
Boluntariotza umezurztegi batean egitea nahi genuen, hori zen hasierako gure asmoa. Hori buruan genuela iritsi ginen hara. Berez, egunean lau ordu zegozkigun boluntario lana egiteko. Iritsi ginenean, hango koordinatzaileak azaldu zigun umezurtz etxera goizetan joateko asmoa bagenuen, ez genuela hango umeekin egoteko aukerarik izango, goizetan eskolara joaten zirelako. Horrela, proposatu zigun goizetan eskola batera joatea, eta umezurztegira arratsaldeetan. Baiezkoa eman genion berehala, horretara joan ginelako eta laguntzeko edozer egiteko prest geundelako. Horrela hasi ginen eskola batera joaten; 3-4 urteko umeekin egon ginen han.
Zuen ohiko irakasle lanarekin zerikusi txikia duen esperientzia bizi izan duzue hortaz, ezta?
Halaxe izan da, ezertan ez du antzik hemen egiten dugunak han egin dugunarekin. Jolastu, ingelesa ikasten ari ziren, eta hizkiak, zenbakiak... Baina batez ere, jolastu, horixe egiten genuen hango umeekin. Oso-oso polita izan zen. Ume haiek kariñoa behar zuten, pila bat, eta ikusi orduko besoetara etortzen zitzaizkigun. Oso gustura sentitu ginen eskolan. Eta eskerrak han aritzeko aukera eskaini ziguten, zuzenean umezurztegira joan izan bagina ez genukeen-eta hango errealitatea ikusiko.

"Eskolan ikusten genuena zen inguruko errealitatea. Begiak irekitzeko balio izan zigun"
Umezurztegiak ez al zuen ba hango errealitatea islatzen?
Aleman batzuek eraikitako umezurztegi bat zen, eta oso instalazio onak zeuzkan. Ez du esan nahi luxuzkoa zenik, baina hango gainerako azpiegiturekin alderatuta, bai, hala zen. Eraikina gu egon ginen etxea baino askoz hobea zen, eta egundoko lorategiak eta jolaserako guneak zituzten, esaterako. Egia da, ordea, haurrek ezin zutela umezurztegitik irten, eskolara joateko ez bazen. Eskolatik itzultzen zirenean, egun osoa hantxe ematen zuten, kanpora irten gabe. Umezurtz izateaz gain, ez zuten askatasunik.
Eta nolakoa da eskolan ezagutu zenuten errealitatea?
Eskola bera oso baldintza txarretan zegoen azpiegiturari dagokionez, ez zuten beharrezko materialik... Ukuilu batean geundela zirudien. Umeak ere puskatutako arroparekin agertzen ziren, batzuk oinutsik...
Zer zioten irakasleek?
Eskolan ikusten genuena zen inguru hartako errealitatea. Begiak irekitzeko balio izan zigun, toki berean batetik bestera zer alde zegoen jabetzeko. Egia da, baina, orduan, justu, eskola berria eraikitzen ari zitzaizkiela beste zonalde batean, eta irailean aldatu ziren eraikinez. Zuzendariarekin hitz egin genuen duela gutxi, eta hark baieztatu zigun aldaketa.
Diani Beach gune turistikoa al da?
Bai, bada, baina hondartzako lehen lerroa bakarrik. Kilometroak eta kilometroak dituzten hondartzak daude, hondar zuriarekin, ikusgarriak; eta haien ondoan, luxuzko hotelak eta oporlekuak, turista zuriz beteta. Baina errepidea gurutzatu eta horrekin zerikusirik ez zeukan errealitate batean murgiltzen zinen. Gu errepidez bestaldeko zonalde horretan egon ginen, noski. Egia esan, hasieran shock-a izan zen.
"Oso polita izan zen aitaren omenez landatutako zuhaitza bertatik bertara ikustea"
Joaterako jakingo zenuten zerbait hango egoeraz...
Bai, eta hala ere... Bi astez biziko ginen etxea ikusi nuenean, lankideari esan nion ez nekiela han bi aste iraungo ote nituen. Hango ohiko etxebizitza bat zen: sei boluntario eta koordinatzailea, zazpi pertsona geunden bi gelako etxe batean, ur berorik gabe, higiene aldetik oso hala moduz... Duela hilabete batzuk esan izan balidate horrelako toki batean bi aste egongo nintzela, agian ez nukeen sinistuko.
Noiz arte jarraitzen dute eskolan haurrek Kenyan?
Derrigorrezko hezkuntza hemengoaren antzerakoa da han, 16 bat urtera arte jarraitzen dute normalean eskolan. Hortik aurrera, aukera duenak jarrai dezake ikasten, eta ekonomikoki ezin dutenak oso gazte hasten dira lanean, lehenbailehen; izan ere, askoz gazteagoak ere, umeak, ikusten dituzu han lanean.
Gobernuaren ustelkeria salatzeko protesta handiak izan dira azkenaldian Kenyan. Zuek izan al duzue horren berririk?
Joaterako banuen horren berri eta beldur puntu batekin joan nintzen, baina gu egon garen zonaldean ez dugu halakorik sumatu. Nairobin ari dira protesta dezente gertatzen, baina gu ibili garen tokietan ez.
Nola hartu zintuzten hango jendeak? Zer nabarmenduko zenuke?
Oro har, jende oso jatorra ezagutu dugu. Hain gauza gutxi edukita, zer zoriontasun duten eta zer esker oneko diren... Horrek deitu digu arreta, bizipozak. Eta elkarri laguntzeko daudela, duten apur hori partekatzeko prest, beti. Eskuzabaltasun hori miresgarria da, eta umeengandik hasita antzematen zen. Horrez gain, ume txikiak zein arduratsuak diren nabarmenduko nuke; esaterako, txanponekin joaten ziren eskolara eta jolas orduan behar zutena beraiek erosten zuten, 3-4 urteko haurrek.
Bizitako esperientziarekin gustura itzuli zarela ikusten da. Errepikatzeko asmorik bai?
Esperientziarekin oso gustura nago. Gainera, pentsatzen nuen igoal zenbait egoeraren aurrean ezingo nuela, ezingo niela zenbait egoerari aurre egin, baina ikusi dut ohitu egiten garela, azkenean; edozein egoeratara moldatzen garela. Gustatuko litzaiguke hango eskolako zuzendariarekin-eta egin dugun harremanari eustea, eta ez dut baztertzen hara itzultzea, baina momentuz, aseta gelditu naizela uste dut. Eman ahal izan dugun laguntzarekin oso gustura eta eman diguten guztiarekin bihotzak beteta bueltatu gara. Izan ere, ez dakit guk zenbaterainoko ekarpena egin diegun, baina gu asko jasota etorri gara. Hausnartzeko ere baliagarria izan da: guk zer daukagun eta beste herrialde batzuetan nola dauden ikusteak ematen du zer pentsatua.
Beti izango duzu Kenyara itzultzeko beste arrazoi bat.
Gustatuko litzaidake, bai, urte batzuk barru baobaba ikustera itzultzea. Zuhaitz txikia da oraindik, eta gustatuko litzaidake sendoagoa denean ikusi ahal izatea.