Nolatan hasi zinen hondakinen bilketan lanean?
Ingeniaritza ikasketen bukaerako proiektua Serbitzu elkartean egin nuen. Hura bukatzean, bulegoetan ez zegoela niretzako lanik esan zidaten, baina hondakinen bilketan bi asteko baja bat bazela. Kamioiko gidabaimena banuen ordurako, gidatzea gustatu egiten zitzaidan, eta animatu egin nintzen. Bi asteko baja hura luzatu egin zen, eta gaur arte.
Zer-nolakoa da zure lanegun bat?
06:00etan hasten gara lanean, eta eguerdira arte jarduten dugu. Finkatuta izaten dugu egin beharreko lana. Jaso beharreko hondakinen arabera, kamioi batekin edo bestearekin jarduten dugu; izan ere, aste batean hondakin organikoak eta errefusa jasotzea tokatzen zait, eta hurrengoan, papera eta ontzi arinak. Azkoitiko herrigunean nahiz kanpoaldean egiten dugu ibilbidea, eta jasotako hondakinak Lapatxera [Azpeitia] edo Legazpira [Gipuzkoa] eramaten ditugu. Bestalde, Bidania-Goiatzen [Gipuzkoa], Errezilen eta Beizaman ere egiten dugu bilketa. Edukiontziak garbitzea ere egokitzen zaigu aldiro, eta hori Azpeitian ere egiten dugu; garbiketarako kamioi berezi bat daukagu. Bestalde, Azkoitian larunbatetan saltokietako kartoiak eta azokako hondakinak jasotzen ditugu, eta festetan, batzuetan, ura botatzen duen kamioiarekin ere jardun behar izaten dugu garbiketan.
Edukiontziak husten dituzue kamioian. Zer-nolakoa da horretarako sistema?
Kamera batzuk dituzte kamioiek, eta horrek ahalbidetzen du edukiontzia behar bezala jasotzea eta hondakinak kamioiaren barrura hustea. Kamioitik egiten dugu lana, batez ere, eta egitekoa nahiko mekanikoa da. Izan ere, arazorik ez badago, kamioiak berak jasotzen du edukiontzia eta husten ditu hondakinak. Gu prozesuan sartzen gara edukiontzia oker dagoenean, edukiontziaren ondoan zerbait dagoenean...
Askotan egon ohi dira hondakinak edo zabor poltsak edukiontziaren kanpoaldean.
Egunero, 24 orduz, hondakin bilketan jarraituta ere, aldiro aurkituko genuke zerbait edukiontzien kanpoaldean. Kontua da edukiontziak erdi hutsik egon ohi direla askotan, baina norbaitek kanpoan poltsaren bat uzten badu, atzetik gauza bera egiten dute hainbatek, barruan lekurik ez dagoelakoan. Hori oso ohikoa denez, lankideotako batek edukiontzien inguruan dauden gauzak jasotzen ditu goizero. Bestalde, jendeak edukiontzitik zintzilik ere uzten ditu poltsak, eta horrek arazoak sortu izan dizkigu kamioiarekin lanean hastean.
Oro har, txukunak al dira herritarrak?
Bai. Beti esaten dut hondakinak edukiontzira botatzea dela berez lanik errazena, baina jendeak azken pauso hori ez du behar bezala egiten. Dena den, esan beharra dago herritarren %90ek dagokien lekuan uzten dituztela hondakinak. Birziklapenaren arloan pauso dezente eman dira, baina oraindik ere badago zer egina. Izan ere, herri denetan egoten dira puntu kritikoak. Astakeria handiak ikusi izan ditugu; adibidez, artilez beteta paperaren edukiontzia edo kartoiz beteta organikoarena.
Aizpurutxon hondakin bilketan ari zen kamioi baten bideoa biral egin zen 2017an...
Akordatzen naiz, bai. Bideo hura zabaldu zenetik, asko hobetu da Aizpurutxoko birziklapena. Bideo hartan kamioi bat ageri zen bi edukiontzi bata bestearen segidan jasotzen, baina horrek bazuen azalpen bat: askotan ez ziren hondakinak behar zuten edukiontzian agertzen eremu hartan, eta hondakinak nahastuta zeudenean, denak batera jasotzen ziren.
Anekdotarik bai?
Behin emakume batek deitu zidan zaborra nora eramaten genuen galdezka. Antza, hamar bat egun lehenago nahastu eta diruz betetako semearen itxulapiko zahar bat zaborretara bota zuen; barruan 200.000 pezeta-edo izango zituela esan zidan. Sentitzen nuela, baina ez zegoela itxulapikoa berreskuratzeko modurik esan nion.