Basakeriaren testigu zara azken bi urteetan, horrorea orduan hasi zela sinetsarazi badizute ere. Eta zaila zaizu halako dimentsioa hartu duen biolentzia egoera bat buruan egiazki osatzea, gutxienez hurbilketara gerturatzea, genozidioaren irudi zatikatuak pantailaz bestalde egunero jasotzen badituzu ere.
Infernuaren ikusle isila bihurtu zara. Saltoka, azkar, duzu kontakizun ñimiñoa begien aurrean, baina nahikoa duzu horrekin: ikusten dituzu, ikaratzen zara, eta amorruz, bat egiten duzu beren minarekin. Sentipen horretan tenkatuta oraindik, baina, pantaila beltzean jarri da, eta segitzen diozu zurea den bizimoduari.
Zorigaitzeko film luzeegi bat bailitzan, egunetik egunera globoa puzten eta puzten ari denaren sentipena duzu, eta zeure buruari galdetzen diozu agoniak noiz arte iraungo duen; globoa ez al duen inork lehertuko; eta inork lehertuko badu, nork egingo duen: bihozdunak ala bihozgabeak. Baina badakizu ez zarela zu izango eserlekutik jaiki eta globo madarikatua zartaraziko duen orratzaren bila joango dena; zu infernuaren ikusle isila besterik ez zara.
Zeure buruari galdetzen diozu agoniak noiz arte iraungo duen
Zeurea den bizimoduan sartuta eta oporrez galdezka, lagun batek esan dizu gaur-gaurkoz bera ez litzatekeela itzuliko New Yorkera, duela urte batzuk AEBetara egindako bidaian hiri famatu hura izugarri gustatu izanagatik; eta gaineratu dizu ez litzatekeela joango oporretara Siziliara ere, Loiuko aireportuan orain Mediterraneoko irla horretara zuzeneko hegaldiak jarri izanagatik. Oharkabean hartu dituzu adierazpenak, zure orain arteko hautu bakarra izan delako eskuak zikin dituzten enpresei eta komunikabideei bizkar emateko ahalegina egitea, eta batzuetan kostatuta, gainera.
Orduan, zeure buruari galdetu diozu basakeriaren sostengu edo konplize diren herrialdeetara oporretara joan direnek beren baitan zerbait berezirik sentitu al duten lur horiek zapalduta; hegazkinez Asia edo Afrika aldera jo dutenek eta Ekialde Hurbila zeharkatu dutenek uneren batean leiho aldera lepoa luzatzeko tentaziorik izan al duten; edo kilometro batzuetara genozidioaren odola isurtzen den itsaso berean busti direnek benetan preziatu al duten kolore turkesaz; ala bestelako kolore batez imajinatu al duten ortzimugatik haratago dagoen itsasoaren beste ertza; eta zure buruari galdetu diozu gizalegeak zenbateraino utzi beharko lizukeen bizimodua bere horretan eta ezer gertatu ez balitz bezala egiten jarraitzea.
Oharra: artikulu hau idazten amaitzerako, komunikabideek kendu dizkiote kakotxak genozidio hitzari, protestak areagotzen ari dira, flotillek Gazara bidean jarraitzen dute, eta larriena: Gaza hiria okupatzeko plana gauzatzen ari da Israel. Batek daki aldizkariak argia ikusterako Gazak izaten jarraituko al duen.