Urola Bizirik natur taldeak eta Lurgaia fundazioak hazien bilketa antolatu dute igande goizerako. Loiolako estazio zaharrean elkartuko dira 09:30ean, eta hazien bilketari buruzko azalpenak emango dituzte antolatzaileek. Handik, Azkoitia aldera joango dira autoz, bertako harizti batean egingo baitute ezkurren bilketa.
Urola Bizirikek azaldu duenez, zuhaitz gazteak hazten dituzten mintegietara bideratuko dituzte igandean jasoko dituzten ezkurrak. Mintegi horietan, haziak ereingo dituzte eta pare bat urtetan hazten utzi, gero ezkurrak batu dituzten lekura bueltatzeko; kasu honetan, Azkoitira.
Familia giroan egiteko moduko ekimena dela zehaztu du Urola Bizirikek. Gainera, antolatzaileen bitartez, hazi bilketan parte hartzen duten herritarrek zuhaitz desberdinak ezagutzeko aukera izango dute. Eguerdi partean, berriz, mokadutxoa egingo dute Azkoitiko geltoki jatetxean.
Hazi bilketan parte hartu nahi dutenek info@lurgaia.org helbidean eman dezakete izena.