AEK-k euskara eroso ikastera eta bizitzera gonbidatu ditu herritarrak

Andoni Elduaien 2025ko ira. 19a, 10:08

AEK-ko ordezkariak, atzo, besaulkiaren bueltan. (Azkoitiko AEK)

Zapatu Laranjan plazan margotu zuten muralaren aurrean jarri zuten besaulki baten bueltan gauzatu zuen AEK-k atzo kaleko agerraldia. Hil honen amaieran amaituko da matrikula egiteko epea, eta urriaren hasiko dute ikasturtea.

Urrian hasiko du ikasturte berria Azkoitiko AEK euskaltegiak, eta hil honen amaierara arte du zabalik matrikulazio kanpaina. Euskara eroso ikasi eta bizi lelopean ari da gauzatzen euskaltegia matrikulazio kanpaina, eta horren erakusle, Zapatu Laranjan plazan margotu zuten muralaren aurrean eseri ziren atzo, osteguna, euskaltegiko ordezkariak, irakasleak eta ikasleak. Bai, eseri; leloarekin bat eginez, besaulki laranja baten bueltan elkartu baitziren haiek guztiak.

AEKn matrikula egiten dutenei matrikularen %100a itzuliko die udalak Azkoitian erroldatuta daudenei eta eskoletan %85eko asistentzia dutenei. Eusko Jaurlaritzak ere emango ditu laguntzak, betiere maila egiaztatuz gero. A1 eta A2 –ikasturte berrian aurrenekoz– maila eskuratu nahi duten ikasleek eta C1 maila nahi duten 16-18 urteko gazteek diru gutxiago ordaindu beharko dute; gainera, diru hori itzuli egingo diete maila egiaztatu ondoren. Horrez gain, B1 edo B2 maila ikasi nahi dutenek ikasturte hasieran ordaindutako matrikularen dirua berreskuratu ahalko dute, betiere maila hori lortu dutela egiaztatuta.

Matrikula egiteko, hainbat bide ditu zabalik Azkoitiko AEK-k. Kultur Etxeko hirugarren solairuan duen bulegoan egin daiteke inskripzioa 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Aurrez aurrekoaz gain, 943-15 10 89 eta 607 61 26 97 telefono zenbakietara deituta edo azkoitia@aek.eus helbide elektronikora idatzita ere eman daiteke izena. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide