Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak bederatzigarrenez antolatu ditu Ondarearen Europako Jardunaldiak. Ondarea Eraikitzen lelopean, 80 jarduera baino gehiago antolatu dituzte Gipuzkoa osoan; guztira, 120 ekitaldi izango dira, eta Gipuzkoako 37 udalerritara iritsiko dira horiek, tartean Azkoitira. Urriaren 18an, larunbatez, egingo dute Lasao etxea eta Idiakez Ederra eraikinak ezagutzeko bisita gidatua, 12:00etan eliz ataritik abiatuta.
Europako Kontseiluak 1991n jarri zuen abian ondareari balioa emateko proiektua, hura herritarrengana hurbiltzeko eta ondarea kontserbatzeak eta transmisioak gizarte kohesioa eta kultura nortasuna indartzen dituen elementu gisa duten garrantziaz sentsibilizatzeko. Aurten, ondare arkitektonikoari eman nahi izan dio balioa aldundiak.
Erakundearen esanetan, "ondare kulturalaren adierazpenik ikusgarriena, egunerokoena eta sinbolikoenetako bat" da Gipuzkoako ondare arkitektonikoa. Aurtengo jarduerak hainbat lan-ildoren inguruan antolatu dituzte, hala nola lanbide tradizionalak uztartuz, ondare arkitektonikoaren berrerabilera bultzatuz eta paisaia kulturala edota ondarearen zein memoriaren arteko lotura eginez. Aldundiak dio jarduera horiek guztiek "ondarea bizitzeko, eraikitzeko eta zaintzeko moduari buruzko begirada berriak" ahalbidetuko dituztela.
Eraikin historikoak, bisitan
Azkoitiko bi eraikin historiko ezagutzeko bisita gidatua egingo dute urriaren 18an. Bi etxe historiko ezagutzen: Lasao etxea eta Idiakez Ederra izeneko bisita egingo dute egun horretan, 12:00etan eliz ataritik abiatuta. Bisita euskaraz eta gazteleraz eskainiko dute. Bisita Azkoitiko Udalak antolatu du, eta doakoa da. Interesa duenak nahikoa izango du hitzorduaren egunean eliz atarira agertzea.
Ibilbidean zehar Azkoitiko parrokiarekin muga egiten duten Lasao etxearen eta Idiakez Ederraren kanpoaldeak ezagutzeko aukera izango da. Eraikin horiek Azkoitiko lehen urbanizazioaren eta defentsa sistemaren testiguak dira, hain justu. Duten arkitektura bereziaren berri emango dute bisitan, eta bitxikeria artistiko nahiz historiko ugari kontatuko dituzte hirigune historiko monumentalean.