Antton Telleria umoregileak Ninini bigarren komedia ikuskizuna aurkeztuko du etzi, ostirala, Baztartxon (20:00). Nekatutak lehen ikuskizunaren arrakastaren ostean, Telleria herririk herri dabil Ninini ikuskizuna aurkezten.
Bigarren ikuskizuna, baina desberdina da; ez du zerikusirik aurrekoarekin. Zehazki, "okerragoa" dela dio umoregileak berak; izan ere, egolatriari eginiko oda bat da Ninini, Telerriak bere buruaz hitz egingo baitu etengabe. Ordea, egingo du zintzotasun ariketa bat ere: ikuskizunean Telleria biluztu egingo da. Hitz egingo digu bere buruarekin duen harremanaz, bere izenaz, bere bikotekideaz, komikoa izateaz eta bertsolaria ez izateaz.
Bakarrizketa saioa ikusteko sarrera gutxi batzuk baino ez dira gelditzen. Online eskuratu nahi dituenak Entradium atarian eskuratu ditzake 15,50 euroan; honako lotura honetan daude salgai sarrerak. Etzi, Baztartxoko leihatilan erosteko aukera ere izango da, baldin eta gelditzen diren sarrerak saltzen ez badira.
Sarreren zozketa
Dena den, Gukak abian du bazkideentzako zozketa. Azkoitiko Udaleko Kultura sailaren eskutik, bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu Gukak zozketan izena ematen dutenen artean. Izena emateko epea bihar, osteguna, 15:00etan itxiko da.