'Jone, batzuetan', 'Maspalomas' eta 'Lilo y Stitch' filmak emango dituzte irailean Baztartxon

Andoni Elduaien 2025ko ira. 10a, 08:32

'Jone batzuetan' filmaren irudietako bat. (Filmaffinity)

Hurrengo asteburuan hasiko da film komertzialen denboraldi berria Baztartxo antzokian. Helduentzako bi film eta haurrentzako bat eskainiko dituzte hil honetan herriko antzoki nagusian.

Hastear da filmen denboraldi berria Baztartxo antzokian. Urtero moduan, irailean ekingo dio herriko antzoki nagusiak pantaila erraldoian ikus-entzunezko lanak emateari, eta dagoeneko jakinarazi dituzte sasoi berriko lehen filmak zein izango diren: Jone, batzuetan, Maspalomas eta Lilo y Stitch.

Hain justu, azken film hori izango da herritarrek ikusi ahal izango duten aurrena. Umeei zuzendutako filma da Lilo y Stitch, Dean Fleischer-Camp zuzendari estatubatuarrarena. Hawaiiko neskato bakarti baten eta estralurtar iheslari baten arteko istorioa kontatzen du filmak. Hilaren 21ean, igandez, 17:00etan hasita emango dute Baztartxon.

Sara Fantovak zuzendutako Jone, batzuetan filma ere emango dute egun horretan, 19:30ean hasita. Dena den, astelehenean, ikuslearen egunean, ere eskainiko dute film hori, 20:00etatik aurrera. Bilbon abuztuan kokatuta dago Jone, batzuetan filma. 20 urte ditu Jonek, eta hura aitarekin zein Marta ahizpa txikiarekin bizi da. Bilboko Aste Nagusia hastear dela, Joneren aitak lana utziko du parkinsonaren eraginez. Gainera, festa horietan Jone lehen aldiz maiteminduko da, Olga ezagutuko baitu protagonistak. Hilezkortasun sentsazioaren eta aitaren gaixotasunaren ondorioz bakarrik geratzeko beldurraren artean biziko da Jone.

Moriarti ekoiztetxearen Maspalomas filma ere ikusi ahal izango dute zinema zaleek Baztartxon; hilaren 27an, 28an eta 29an emango dute han 73. Donostiako Zinemaldiaren sail ofizialean lehiatuko den filma. Aurreneko bi egunetako emanaldia 19:30ean hasiko da, eta hilaren 29koa, ikuslearen egunekoa, 20:00etan. 76 urte dituen Vicente da filmeko protagonista, eta bikotearekin hautsi ondoren, gustuko duen bizimodua egitea erabakiko du Maspalomasen: eguzkia, parranda eta gozamena dira bere eguneroko jardunak. Istripu batek, ordea, Donostiara itzultzera behartuko du, eta han aspaldi abandonatu zuen alabarekin egingo du topo. Vicentek adinekoen egoitza batean bizi beharko du aurrerantzean, eta bertan armairura itzultzera bultzatua sentituko da, konpondutzat zuen bere buruaren alde bat ezkutatuz. 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide