Emakumeak ahalduntzeko zazpi ikastaro antolatu ditu Azkoitiko Udalak udazkenerako, eta horietan parte hartzeko izen-ematea ere zabaldu du. Zehazki, honako ikastaro hauek dira Berdintasun Sailak prestatu dituenak: haurdunaldiko yoga ikastaroa, erditu ondorengo yoga ikastaroa, Hitz-ahalduntzen, xilografia, Berdintasun puntadak ematen, Gure behar emozionalak nola landu eta Upcycling-Joskintza eraldatzailea. Horien guztien informazio osoa hemen topa daiteke.
Ikastaro horiek "ezagutza berriak eskuratzeko, autonomia lantzeko, kezkak eta ondoezak partekatzeko", emakumeak beren "eskubideez jabetzeko" eta "beste emakume batzuekin sareak sortzeko" topaguneak direla azpimarratu du udalak. Interesa dutenek hilaren 29ra artean eman dezakete izena Azkoitiko udaletxeko Arreta Zerbitzuan hango izen-emate orria beteta, edo azkoitia.eus webgunean formularioa beteta. Soldatapekoek 20 euro ordainduko dute, eta ikasle, langabetu zein pentsiodunek, 15 euro. Informazio gehiago behar duenak, berriz, 943-54 20 14 telefono zenbakira deitu edo berdintasuna@azkoitia.eus helbide elektronikora mezua idatz dezake.