Esperientzia bat, ez ahaztekoa

Julene Frantzesena 2025ko ira. 8a, 11:15

Trikilintxoko kideak Neomakekoekin kontzertuan. (Argazkiak: utzitakoak)

Azpeitiko eta Azkoitiko bederatzi lagun AEBetan izan dira bi astez, euskal diasporarentzat hain garrantzitsua den Boiseko Jaialdian aurrena, eta Kalifornia aldean, ondoren. Trikitia eta panderoa maletetan hartuta joan ziren, eta euskal jatorriko herritarrek kontatutako istorioekin itzuli dira. Berezia izan da bidaia, inondik ere. Iraileko Azkoitia Guka aldizkarirako egindako erreportajea da honako hau.

AEBetan izan ziren uztailaren 28tik abuztuaren 11ra bitartean Azkoitiko –Azpeitiko eta Zumarragako bana ere bai, tartean– hainbat lagun: Jokin Landa, Ruben Gabilondo, Joxe Agustin Elorza, Eneko Arbeo, Josu Etxaniz, Unai Izagirre, Beñat Plazaola, Iñigo Arrieta eta Ibon Arrizabalo. Uda sasoia izanik, ohikoa da herritarrek urrunera bidaiatzea, atseden hartzeko bidaia luzeak egitea, baina Trikilintxo deitzen den taldearen bueltan bidaiatu duten lagunek bazuten helburu bat: diasporan bizi diren herritarrak bertatik bertara ezagutzea. Aurtengo uda, gainera, sasoi egokia zen horretarako; izan ere, bost urtez behin Boisen (Idaho, AEB) egiten den jaialdi entzutetsua uztailaren 29tik abuztuaren 3ra ospatu dute. Han ere izan ziren, noski, eta ez dituzte ahazteko bi asteko bidaian bizi izandakoak. Hala esan du Unai Izagirre (Azkoitia, 1995) Trikilintxoko kideak. 

Trikitiaren bueltan hasi ziren elkartzen talde horretako kideak, 2014aren inguruan. Ostegunetan, pintxo-potea bukatutakoan, hainbat soinu eta pandero jotzaile elkartu ohi ziren Txalintxo tabernan, instrumentuei hautsak kentzeko nahiz gozatzeko. Izagirrek dioenez, hiruzpalau lagun hasi ziren elkartzen, baina pixkanaka jende gehiago ere animatu zen. "Indar handia hartu zuen hitzorduak; herritar hainbatek izango du gogoan zita hura. Pentsa, ni hein batean horregatik naiz trikitilaria; han hasi nintzen soinua jotzen".

Askotariko taldea hasi zen ostegunero elkartzen, eta aurtengoa ez da izan egiten duten aurreneko bidaia: 2017an Irlandara joan ziren kide batzuk. Gero, Italiara, Castelfidardora joatea ere izan zuten buruan, han baitago trikitiak egiten dituzten fabrika bat. Dena den, pandemia tarteko, ezerezean geratu zen burutazioa.

Gardnervilleko JT tabernan, Marie Louis eta Etien zerbitzari euskaldunekin. (Utzitakoa)

Harremana ez zuten eten, ordea, taldeko kideek, eta 2022az geroztik aritu dira AEBetara bidaia prestatzen. Izagirrek azaldu duenez, taldeko kide bat –Ruben Gabilondo– 1995ean AEBetan izana zen, eta ezagutzen zuen hango euskal komunitateko jendea. Izagirrek berak ere badu Boisekoa den lagun bat: Azpeitian bizi izan den Josu Bieter. "Bi adar horietatik tiraka hasi ginen bidaia prestatzen; izan ere, bidaiak bi zati izan ditu: lehen astea, Boiseko Jaialdian igaro dugu; eta bigarrena, Kalifornia eta Nevada aldean, Euskal Etxeetan barrena".

Jaialdia izan zen egunetan Boiseko Pengilly's Saloon tabernan kontzertua eskaini zuten Trikilintxoko kideek. Izan ere, denak edo ia denak dira trikitilariak, edo gutxienik trikitizaleak. "Iritsi ginen egunean eman genuen kontzertua, jaialdiaren esparrutik kanpo baina oso gertu. Jende mordoxka elkartu zen, eta gustura aritu ginen. Soinua eta panderoa, dultzaina, alboka, txistua... jo genituen, eta bertsotan ere jardun genuen". Hurrengo egunetan, beren kasa ibili ziren Basque Centerren inguruan-eta trikitia jotzen, eta emanaldi berezi batean ere parte hartu ahal izan zuten: Neomakek jaialdiaren barruan eskaini zuen kontzertuan fandango eta arin-arin bana jo zituzten Azkoitiko eta Azpeitiko musikariek.

"Beren txikian lezioa ematen digute, eta uste dut aitortu eta lagundu egin behar zaiela"

Trikitiak eta panderoak kaxan eta fundan gorde, eta Kalifornia aldera jo zuten astebetera: Renon gau bat igarota iritsi ziren San Frantziskora. "Euskal Etxe izugarria dago San Frantziskon, dotorea, izugarrizko frontoiarekin... Pilotan ere aritu ginen", esan du Izagirrek barrez. Kaliforniako hiri entzutetsu hori atzean utzita, Gardnervillera jo zuten, Nevada aldera, han Euskal Kantari Eguna ospatzen baitzuten abuztuaren 9an. Izagirrek azaldu duenez, "nahiko surrealista" izan zen han bizi izan zutena: "Nevadako herri txiki hartako elizan bertsotan aritu ginen Jokin [Landa] eta biok, sortzez Bidaniakoa den Antton Egiguren apaizak gaiak jarrita". Eta handik Chinora joan ziren, Los Angelestik gertu dagoen herrira.  

Itzulerako jet lag-a pasatu gabe elkartu da Izagirre Gukako kazetariarekin, eta nabari zaio oso presente duela bidaian bizitakoa. Boiseko Jaialdian "giro ederrarekin" egin zutela topo esan du: "Euskal Herritik joandako jende asko zegoen han, baita euskaldunekin zerikusirik ez zuten amerikar pila bat ere. Jende ugari biltzen zen egunero, euskaraz ere entzuten genuen tarteka, eta... Baina Euskal Herritik artzain joandakoak apenas ezagutu genituen Boisen; bai, ordea, haien seme-alabak eta bilobak". 

Trikilintxoko kideak Martin Goikoetxea artzainarekin, Boiseko Jaialdian jarri zuten artzainen gurdien erakusketan. (Utzitakoa)

Aurkitu diote xarma

Jaialdiaz haratago, bidaiaren xarma jendearen istorioetan aurkitu dutela esan du azkoitiarrak. "Galdetu eta entzun egin dugu, eta jendearekin elkarrizketak izan ditugu. Hori izan da ederra. Izan ere, Gatiburen kontzertu bat beti izango da ederra, baina hori Euskal Herrian ere badaukagu". Haren hitzetan, jaiaz gain, euskal jatorriko jendearentzat elkartzeko aitzakia da Boiseko Jaialdia; izan ere, han ere handiak dira distantziak. "Euskaldunak gutxi dira AEBetan –kakotx artean esanda–, eta haientzat bada indar erakustaldi moduko zerbait elkartzea, elkar ikustea".

Dena den, bidaiaren bigarren zatiaz beste zera batekin hitz egiten du Izagirrek. Kalifornian eta Nevadan izan dute Trikilintxoko kideek AEBetara joan ziren lehen belaunaldi hartako artzainak ezagutzeko eta haien kontuak entzuteko aukera. "Gozamena izan da", esan du. "Artzain joanak ziren ezagutu genituen lagun gehienak, eta denek zioten bizimodu oso gogorra izan zutela; askok esan ziguten artzain joan baziren ere, beste ogibide bat bilatu zutela. Ezagutu genuen artzain hiru egun baino iraun ez zituen gizon bat; artzain bizimodua, izan ere...", azaldu du. 

Landa, Arrizabalo, Arbeo eta Izagirre, Pengilly Saloonen eman zuten kontzertuan. (Utzitakoa)

Uste zutenaren kontrara, denak ez ziren, baina, artzaintzak erakarrita joan AEBetara, nahiz eta behin han zirela horretan jardun. "Jende askori galdetu genion zergatik jo zuten hara, eta Euskal Herrian bizi zuten miseriaz gain, soldaduskatik ihes egin nahia aipatzen zuten. Askok zioten bi urte soldaduskan pasatzea baino nahiago zutela hiru urtez artzain aritu. Halaber, mundu berri baten aukera ere aipatzen zuten". 

Euskaldunak gutxi dira ­­AEBetan, eta haientzat indar erakustaldia da Boiseko Jaialdia"

Duela hamarkada batzuk egin zuten aukerarekin ez zeuden damututa ezagutu zituzten euskaldun gehienak, Izagirreren esanetan: "Han hobeto bizi direla uste dute. Izan ere, haien imajinarioan dagoen Euskal Herriaren irudia duela 60 urtekoa da. Hala ere, batzuek esaten zuten itzuliko liratekeela, baina gaur egun han zutela familia, eta...". Diasporan diren euskaldunak zonaldeka pilatuta daudela ere azaldu du azkoitiarrak, nabarmen ikusi dutela hori: "Boisen, adibidez, bizkaitarrak ziren euskal jatorria zuten herritar gehienak; Kalifornian, berriz, Nafarroakoak edo Ipar Euskal Herrikoak. Gipuzkoarrik batere ez dugu ezagutu; antza denez, sasoi hartan beste lurraldeetakoa baino hobea zen Gipuzkoako egoera eta jende gutxiagok alde egin zuen".

Transmisioa eta erreleboa

Euskara entzun dute diasporako bizilagunen artean, baina Izagirrek azaldu duenez, batez ere lehen belaunaldiko euskaldunen artean. Izan ere, hurrengo belaunaldietan euskararen presentzia urriagoa dela esan du, nahiz eta harritzeko moduko istorioak ere ezagutu dituzten. "Ipar Euskal Herritik hara joandako batek esan zigun, iritsi zenean gaztelania ikasi behar izan zuela bizkaitarrekin ulertzeko. Guk sorpresaz eta irriz hartu genuen, baina hari ez zion grazia handirik egiten; gaizki pasatu zuela esaten zuen. Bestalde, ezagutu genuen gure adin bueltako gazte bat San Frantziskon; gurasoek euskara galduta zuten, baina berak online ikasi zuen".  

Bidaiariak San Frantziskoko Euskal Etxeko frontoian. (Utzitakoa)

Argentinan izan zenean ere ezagutu zuen euskaraz hitz egiten zuen jendea, eta beraz, ez du harritu AEBetan ere halakoak ezagutzeak. Dena den, uste du perspektibarekin hartu behar dela kontua: "Orduan konturatzen zara zer-nolako meritua daukaten han euskaraz aritzen direnek edo euskara han ikasi dutenek. Balioa eman behar zaio horri". Bestalde, harriduraz hartu du jendeak diasporan dantzarako duen joera. "Euskaraz ez zekiten euskaldunen ondorengoek ere bazekiten dantzan; ondo egiten zuten, gainera, ez hala moduz. Euskal kulturaren transmisioan lan asko egin dute, eta beharbada, horixe izango da naturalena; hizkuntza transmititzea baino errazagoa, ziur".

Bidaiaz balorazio "oso ona" egin du Izagirrek, "berezia" izan delako. "Ni ere joandakoa naiz Eivissara hondartzara, baina egin duguna ez da bidaia klase hori; atzean badu beste zerbait egin dugunak". Gainera, hark dioenez, Boiseko Jaialdia bost urtez behin egiten da, eta dagoeneko adinean aurrera doaz AEBetara joan ziren lehen artzain haiek. "Adinean aurrera doaz, eta beraz, denboran iraupen motza du lehen belaunaldi horrek. Horregatik, zorteko garela uste dut, bizirik daudenak ezagutzeko aukera izan dugulako eta haien istorioak beren ahoetatik entzun ditugulako". Euskal diasporaren aldeko lanean "oso garrantzitsuak" izan diren pertsonek –aipatu ditu: Martin Goikoetxea, Mike Bidart, Jean Flesher...– 70-80 urteren bueltan dituztela esan du: "Horiek lan izugarria egin dute urteetan, eta orain gazteak ari dira erreleboa hartzen. Dena den, izugarrizko motxila dute gainean; izan ere, ez dira asko eta lan izugarria dute egiteko".

Gardnervillen, apaizarekin, artzain batekin eta haren emaztearekin. (Utzitakoa)

Lezioa izan da

Berriz itzuliko al litzatekeen galdetuta, "bai, baina...", hasi da hizketan. "Daukanari balioa emanda; izan ere, niretzat izugarria izan da hango jendea ezagutzea. Ikustekoa da jendeak zer esfortzu egiten duen euskalduna izateko, edo euskaraz aritzeko, edo euskal kulturaren alde jarduteko. Gu, askotan, gure kontzientzia ezean diluitzen gara hemen, eta uste dut haiek eman digutena ikasgaia dela. Izan ere, batzuetan ematen du hango euskaldunek nostalgiatik egiten dutela egiten dutena, baina ez da horrela: haiek egiten dute, hala direlako. Beren txikian lezioa ematen digute, eta uste dut aitortu egin behar zaiela eta lagundu ere bai". Bada Izagirrerentzat bidaia "oso berezia" izan dela esateko beste arrazoi bat ere: "Gure aita artzain joango ote zen ibili zen bere garaian, eta horregatik, nahi nuen hango errealitatea ezagutzea. Nire aita izan zitezkeen pertsonak ikusi ditut, eta hori oso ederra izan da".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide