Imanol Arizmendi: "Deskonektatzeko sendagaia da niretzat txirrindularitza"

Andoni Elduaien 2025ko urr. 18a, 09:00

Imanol Arizmendi, bizikleta gainean. (Andoni Elduaien)

Ume garaian txirrindularitzan hasi, eten bat egin eta berriro itzuli ostean halako mailan dabilen gutxi izango dira. Horietako bat da Imanol Arizmendi azkoitiarra. Master mailako proba ugari irabazi ditu hark azken urteetan, eta aurten, bigarrenez gailendu da Quebrantahuesos proba entzutetsuan. Iraileko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honako hau.

Txirrindularitzan izen bat eginez, urte onak ari da osatzen Imanol Arizmendi (Azkoitia, 1991). Master mailako probetan lehiatzen hasi zen hura duela sei-zazpi urte, eta harrezkero, ibilbide dotorea osatu du. Bakarka hasi zen master mailan, gero AC Hotels by Marriott Cycling taldeak fitxatu zuen, baina apirilaz geroztik, bakarka dabil berriro.

Bizikleta gainean aspaldidanik zabiltza. Gogoratzen al duzu bizikletan ibiltzen ikasi zenuen eguna?

Txiki-txikitako oroitzapenak ditut bizikletarekin. Haurra nintzenean, aita ikusten nuen bizikletarekin errepidera irteten, baina, aldi berean, badut haren bizikletaren aulki gainera igota ibiltzen nintzeneko oroitzapena, pedaletara iristen ez nintzela. Kalera oinez oso gutxitan atera ohi nintzen, normalean bizikletan beti.

Zein da txirrindularitzarekin izan duzun harremana?

Lan Mobel taldean hasi nintzen txirrindularitzan trebatzen, Antton Elorza Xarra zenarekin eta. Haurren mailan hasten zen orduan lehiatzen, izena eman zitekeen lehen urtean. Jolas moduan hartu nuen txirrindularitza lehen urteetan, baina haurren mailatik kadete mailara dezenteko jauzia zegoela ohartu nintzen; izan ere, industrialdeetan bueltaka ibiltzetik errepideko ibilbideak egitera igarotzen zen orduan. Kadeteetako urte hartan bizikleta gainerako balio nuen edo ez zalantzak izan nituen, baina urtetik urtera hobeto ikusten nuen neure burua, eta aurreneko postuetan ibilita, txirrindularitzak erabat erakarri ninduen. Gustura ibiltzen nintzen, kuadrillako hiruzpalau lagun ibiltzen ginen elkarrekin eta.

Gero, ordea, bizikleta albo batera utzita izan zenuen zenbait urtez, ezta? 

Adinik txarrenean galdu nuen aita, eta harekin batera, lanean hasteko eskaintza bat jaso nuen. Txirrindularien afizionatuen mailak denbora asko eskatzen du, eta zortzi orduko lanaldiaren ondoren entrenatzea ez zitzaidan bateragarria egiten. Lanetik irtetean arrastaka ibili beharko nuela iruditzen zitzaidan. Guztia balantzan jarri behar nuen, eta horregatik hartu nuen erabaki hori. Lan aldetik dena ondo joan bazait ere, gerora sarritan damutu izan naiz hartutako erabakiarekin, ez jarraitu izanaren harra baitut. 

Arizmendi, lasterketa batean. (Utzitakoa)

Damua aipatu duzu. Zergatik?

Dezenteko damua dut, bai. Lan aldetik nire bizitza aurrera ateratzeko modua egin badut ere, beti pentsatzen dut egun dudan maila izanda, zer egiteko gai izango ote nintzatekeen. Jacan [Espainia] nabil azkenaldian Jorge Arcas txirrindulariarekin-eta entrenatzen, eta hark beti esaten dit indartsu ikusten nauela. Oraindik ere sortzen zait batzuetan zer puntutaraino irits nintekeen jakiteko harra edo arantza.

Zergatik aukeratu zenuen gero berriro txirrindularitzan hastea?

Afizionatuetan nahi nuen nik korritzea, kategoria horretan aritzeko maila banuela iruditzen zitzaidan eta. Ordea, Euskal Herrian mugatuta dago afizionatuen mailan 28 urtetik gorakoentzako parte hartzea. Hori horrela izanda, Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetan parte hartu ahal izango nukeen nik soilik, urte guztian bi lasterketatan. Horregatik hasi nintzen master mailan, probatze aldera. Nire harridurarako, lehen lasterketan laugarren postuan sailkatu nintzen. Pixkanaka-pixkanaka lanean jarraitu nuen, eta oker ez banago, bigarren lasterketa irabazi egin nuen. Artean ez ninduen inork ezagutzen master mailan, eta zortzi bat lasterketa irabaztea lortu nuen, AC Hotels by Marriott Cycling taldekoek fitxatzeko deitu ninduten arte.

Zeure kasa aritzetik taldean lan egitera igaro zinen gero. Aldaketa handia izan al zen?

Master mailan proba egin nahi nuelako hasi nintzen nire kasa. Gero, AC Hotels by Marriott Cycling taldeak fitxatu ninduen; urrutiko taldea zen niretzat, baina materialarekin, lizentziekin eta abar laguntzen zutelako, esperientzia berri bat probatzeko asmoz heldu nion erronkari. Aurten utzi dut berriro taldea; apirilean esan nien berriro nire kasa hasiko nintzela. Izan ere, Euskal Herriko master lasterketa guztiak bertan behera utzi dituzte, eta niretzat etxetik gertuen geldi daitezkeen lasterketak bi-hiru ordura izango nituzke. Erabaki nuen ez zuela merezi bi orduko lasterketa bategatik horrenbeste orduko eta horrenbesteko gastua duten bidaiak egitea. 

Errepide gainean sarri-sarri ibiltzen zara, egunero ez esatearren. Zer pentsamendurekin hartzen dituzu lehiatik kanpo bizikleta gaineko tarteak? 

Entrenatzera ateratzen naiz, horretan ez dago zalantzarik. Ordea, guztiz deskonektatzea lortzen dudan une bakarrenetakoa da bizikleta gainekoa. Ordu asko igarotzen ditut bakarrik errepide gainean, eta beste asko, Haimar Zubeldia txirrindulariarekin. Entrenatzeko unea izateaz gain, deskonektatzeko sendagaia da niretzat txirrindularitza. Gainera, zortekoak gara hemen, itsasoa eta mendia, denetarik dugu eta. 

Era berean, kezkarekin ere ateratzen gara txirrindulariok errepidera, trafikoan sortzen den arriskua dela eta. Auto asko txirrindulariengandik oso gertu igarotzen dira, eta, era beran, badaude ondo ibiltzen ez diren txirrindulariak ere. Zer pentsatu handia eragiten du trafikoko arriskuak. Aurten, hain justu, bi lagun galdu ditugu trafiko istripua izanda, eta bai txirrindulariei, bai auto gidariei, arretaz jokatzea eskatu nahi nieke. 

Arizmendi, eskuinean, Haimar Zubeldiarekin. (Utzitakoa)

Quebrantahuesos proba irabazi duzu aurten bigarrenez. Bizikleta gaineko martxa den heinean, askoren esanak entzutea egokituko zitzaizun, ezta?

Bi gauza desberdin daude halako proben barruan: batetik, zikloturisten martxa dago, eta bestetik, martxa ziklodeportiboa. Quebrantahuesos proba bigarren mota horretako martxa da. Parte hartzaile guztiok txipa eraman ohi dugu gainean, probaren amaieran sailkapena egiten dute eta denborak ere kontuan hartzen dituzte. 

Gainera, honako hau ere nabarmendu nahi nuke: duela hiru urte, Alejandro Valverdek irabazi zuenean, antidopin kontrola igaro behar izan nuen helmugara iritsitakoan. Valverderi, bigarren sailkatuari eta hiruroi egin ziguten kontrola. Zikloturisten martxa batean ezin da halakorik egin; bai, ordea, martxa ziklodeportiboetan. Jendeak desberdintasuna zein den ikus dezan diot hori. Behobia-Donostia probarekin alderatuko nuke Quebrantahuesos proba. Zergatik atera daitezke korrikalariak lasterketa lehiatzera, eta txirrindulariak ez? Quebrantahuesos proban jendea lehiatzera joaten da, txiza egiteko ere ez gara gelditzen, eta helmugan ere mundu guztiak esprintatzen du. Halako esanak jendeak dituen usteengatik sortzen dira.

Orduan irabaztera joaten zarete?

Nik dagoeneko ez diot begiratzen denborari Quebrantahuesos proban, iruditzen baitzait nahikoa denbora onak ditudala eginda. Azken urteetan, denborari baino gehiago begiratzen diot sailkapeneko postuari. Batik bat disfrutatzera joan ohi naiz Quebrantahuesosera, horrek balio du-eta gehien.

Sekula ez zara txirrindulari profesionala izan, baina zenbait profesionalek adina domina irabaziko zenituen. Pentsatu al duzu sekula jauzi hori egitea? 

Noizean behin, nire errendimendua ikusita, pentsatu izan dut zer puntutaraino irits nintekeen. Gainera, hainbat probatan nire ondoan edo zertxobait atzerago ibili izan direnek izan dute aukeraren bat profesionaletara jauzia egiteko, eta horrek ematen dit nolabaiteko amorrua. Profesional mailara jauzia egiteko, maila ona izateaz gain, beste interes batzuk ere behar dira.

"Nire errendimendua ikusita, sarritan pentsatu izan dut noraino irits nintekeen"

Egunerokoan, nola uztartzen duzu bizikletarekiko grina gainontzeko betebeharrekin? 

Ordu pila bat eskaintzea eskatzen duen kirola da txirrindularitza; guk geuk egiten dugun entrenamendu motzena ordu eta erdikoa edo bi ordukoa izan ohi da. Nik egundoko zortea dut bikotekidearekin; nahiz eta hura ere txirrindularitza zalea den, beretzat gogorra da ni hala ibiltzea. Ez dit inolako zailtasunik jartzen, erraztasunak besterik ez, eta alde horretatik bere babes osoa dut. Ondo eramaten dut egunerokoa, nahiz eta bekatuak egiteko gogoak ere izaten ditudan; hori ezin dut ukatu. 

Leku batzuetan bizikleta erlijioa dela diote, eta beste askok bizikletarekiko kultura dagoela. Zer da zuretzat bizikleta?

Jolas baten moduan hartzen dut nik. Bakoitzak bere moduan hartzen du: batzuek kirol bezala, beste batzuek ogibide bezala, eta besteek, gozatzeko. Bizikletak ate asko zabaltzen ditu, kirol irekia eta zabala da, eta bakoitzak nahi duen kulturan hartzeko modua eskaintzen du.

Zerk motibatzen zaitu egun bizikletan ibiltzen jarraitzera?

Asko ari naiz gozatzen, eta hori lortzen dudan bitartean eta gorputzak zein osasunak laguntzen didaten heinean, orain bezala segitzea da nire asmoa. Inguruan lagun asko gara egunero bizikleta hartu eta errepidera ateratzen garenak. Egundoko taldea dugu, eta aldiro-aldiro txantxetan ibiltzen gara; lagunarte horrek ere segitzeko gogoa ematen du. Iritsiko da unea gozatzen baino sufritzen gehiago hasiko naizena, baina ordura arte, segi egingo dut.

Talde batek sor dezakeen loturarik gabe, disfrutatzen jarraitu nahi dut

Zer helburu dituzu datozen urteetara begira?

Talde batek sor dezakeen loturarik gabe, egutegirik gabe eta gogoaren arabera, izen handiko hainbat probatan parte hartzeko asmoa dut. Bizikleta gainean disfrutatzen jarraitu nahi dut.

"Urtean 26.000 kilometro egiteko, derrigorrez dago gustura ibili beharra"

Zer eman dizu txirrindularitzak urte hauetan guztietan?

Zoriontasuna eman dit txirrindularitzak. Izan ere, urtean 26.000 kilometro egiteko, derrigorrez dago gustura ibili beharra bizikleta gainean. Bestela, ezinezkoa da. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide