Atera gara hegazkinetan, furgonetetan eta anekadun bizikletetan, eten dugu astelehenetako dolu aldia, erantzi ditugu arropak eta pixelatu gaituzte sare sozialek, hondartzako tabernan hartutako Coca-Colak ez zuen halako genozidio zaporerik. Liluratu gaituzte leku urrutietako hizkuntz arraroek eta ahaztu zaigu erdarak normal-normal ari direla gurean euskara arrarotzen, epaileen aginduz. Eguzkitako kremak ezabatu ditu poliziak borraz margotutako ubelduak, azalberritu gara sunset-en -eta ez ilunabarren- epelean, lastima eta haserrea eragin digute beste kultura batzuetan patriarkatuak hartzen dituen formek, baina ez dugu gure zilborreko zikinkeria husteko lanik hartu, ze, aizu, oporretan geunden eta ez geneukan hondeamakinarik eskura. Ezagutu dugu jende desberdina eta galdu dugu lagun mina uztailean ezkondu zenez geroztik, pobreak sentitu gara Frantzian eta aberatsak Perun. Klima larrialdiaz jabetu gara Berlingo asfaltoak txankleten zoruak kiskali dizkigunean, eta ospatu dugu berotze globala Galizian bainua hartu ahal izan dugunean. Erori zaigu kubataren lastotxoa hondartzan eta ez dugu jaso, guk bezala hark ere xurgatuko duelakoan. Topa egin dugu ezezagunekin eta topo egin dugu nahi baino ezagun gehiagorekin. Txikiak gara, baina asko okupatzen dugu, eta go home esan digutenean aldameneko giria seinalatu dugu.
Hori guztia imajinatu egin dut, zeren, berez, Instagramik ez dugunok ez gara ezertaz enteratzen. Eta exajeratu zalea naiz, aitortzen dut, baina oporrak, bidaiak, exajeraziorako aldia ere badira. Itziar Ugarteren Gu gabe ere laneko poema zati batek zera dio: "Hori du kanpora irteteak:/ dena biderkatzen dela dirudi/ jendea, geruzak, ertzak/ beste ni bat saiatzeko bideak". Ados nago horrekin. Oporrek arnasa ematen dute, eta bidaiek, sarri, probatzeko, deskubritzeko eta ikasteko aukera. Erronka, ordea, kontrakoa da: barrura itzultzean, egunerokotasunaren itomenean ere probatzeko, deskubritzeko, ikasteko uneak eta espazioak aitzurtzea, gauden lekuan egoten jakitea.
Bidaiatzen zaudenean badirudi etxeko denbora gelditu egiten dela, baina egiaztatu dut ez dela egia, hiru astez abandonatutako baratza barrabas belarrak eta barraskiloek okupatu baitute. Beraz, badut irailerako lana.
Esatera nindoana da nik baditudala gozamenari gordetako une eta espazio kuttun bana: zapatu goiza Azkoitiko Merkatu plazan. Kafea hartu ostean, ilehoriarengana joan eta baratzean landatzekoak erosi. Dozena bat letxuga hartzen baduzu, beti ematen dizu ale bat edo bi opari, eta berdin egiten du piperrarekin, tomatearekin ala azalorearekin. Eta, konturatzerako, dena biderkatzen dela dirudi.