Sortzen dituzten arazoak direla eta, herriko plazako lurpeko edukiontziak kentzea erabaki du Azkoitiko Udalak. Azken asteetan zigilatuta izan dira edukiontziak, eta bihar, ostegunez, kendu eta horiek utzitako zuloak estaliko dituzte. Udalak azaldu duenez, edukiontzi horiek mantentzeari ez diote aterabide tekniko bideragarririk aurkitu, eta ondorioz, erretiratu egingo dituzte.
Ur iragazpenek edukiontzien instalazio mekanikoari eragiten diete, eta arazoak maiz sortu izan dira. Udalaren esanetan, horren ondorioz herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea murriztu egiten da, eta gainera, etengabeko konponketa lanek sistemaren kostuan eragin egiten dute.
"Behin eta berriz" edukiontziak urez betetzen direla eta sistema horrekin bizilagunei zerbitzu egokia eskaintzea "oso zaila" dela azaldu du Imanol Arrizabalaga Ingurumen zinegotziak. "Urez betetzen direnez, edukiontziak hustea ere arazo bihurtzen da, edukiontzi tradizionalekin alderatuta, usain txarren eragina nabarmenagoa delako askoz", adierazi du hark. Edukiontzi horiek une oro kontrolatzea eta esku hartzea eskatzen dutela eta sortzen diren arazoak saihestea nahi duela esan du udalak, halaber.
Azkoitian, guztira, 66 edukiontzi gune daude, udalaren esanetan, ahalik modu zentzuzkoenean kokatuta, gune bakoitzak eskaintzen dituen aukeren arabera eta eraginkortasunaren eta herritarrei ematen zaien zerbitzuaren ikuspegia kontuan hartuta. Aurrerantzean plazako lurpeko edukiontziak ez dira erabilgarri egongo, baina herritarrek eskura dituzte Inazio Iriarte Margolaria edo Ibaiondo kaleetako edukiontziak.