"Kantatzen ez duenak zorionik ez du", dio Pirritx eta Porrotx pailazoen Bizitza kantu bat da abestiak. Abesti horrek dioenari jarraituz, Azkoitiko jaietan zoriontasun handia izango dela aurreratu daiteke. Izan ere, festek iraungo duten bost egunetan askotariko doinuak entzun ahal izango dira herriko kaleetan. Süne, Merina Gris edota Tapia eta Leturia taldeek kontzertuak eskainiko dituzte plazan, gaiteroen eta dultzaineroen kalejirak izango dira, batukadaz gozatzeko aukera ere izango dute herritarrek, eta erromerian dantza egiteko aukera eskainiko du Enaitz eta Erkizia bikoteak.
Horrez gain, Azkoitiko Musika Bandak ere izango du bere tartea festetan, eta badira Andre Mari jaietan bereziki bereziak diren bi kanta eta une bat: txupinazoaren unean Azkoitia eta Ama nahi dezunian abestiak jotzen dituzten momentua. 2025eko andremariei hasiera emango dien txupinazoa azokako eragileek botako dute, eta une horretan bertan, Musika Bandak Ama nahi dezunian kanta joko du. Jarraian, bandak, Parrokiako koruak zein Iraurgi abesbatzak lagunduta, Azkoitia abestia kantatuko dute plazara joandako herritarrek.
Txupinazoaren bueltako eztanda eta eztanda artean, beraz, herriko doinu ezagunenak entzun eta abestu ahalko dituzte herritarrek. Bi doinu desberdin, jatorri erabat kontrajarriak dituztenak, baina azkoitiar denek bat egitea lortzen dutenak.
Loteriaren beharra
Azkoitiko mugak igaro dituen abestiren bat baldin bada, dudarik gabe, Ama nahi dezunian da kanta hori. Festetako ereserki ez ofiziala, azkoitiar denek txikitatik jakiten duten kanta da, eta Azkoitiko mugetatik haratago, azpeitiar gutxi izango dira abestia ezagutzen ez dutenak. Abestiaren jatorriari dagokionez, ordea, ezer gutxi dakite batzuek zein besteek. Doinua Giuseppe Verdi konpositore italiarraren Aida operako zati bat da, eta hitzak, berriz, parranda giroan sortutakoak. Baina zein parranda izan zen gakoa? Horixe da kontua; izan ere, herriko adineko batzuen arabera, azpeitiarren asmakizuna izan zen abestia.
Adineko haiek gogoratzen dutenez, sasoi batean azkoitiar hainbat Azpeitiko San Inazio jaietara joaten ziren festez gozatzera, eta zezen plazan zirela, azpeitiarrak iseka egiten hasi zitzaizkien Azkoitiko abuztuko jaietarako dirurik ez zutela izango esanez. Halaber, loteria jokatzeko deia egiten omen zieten azpeitiarrek azkoitiar haiei. Horrela sortu omen zen Ama nahi dezunian kanta. Horratx, beraz, txupinazoarekin batera abesten den abestiaren jatorria izan daitekeena, eta hemen haren hitzak, aski ezagunak:
"Ama nahi dezunian
jokaizu loterixe
zergatik nahi dugulako
ondo pasau, ondo pasau
andramaxek!"
Ofiziala
Jaiei hasiera ematen dien lehen eztandaren ondoren, berriz, ereserki ofizialaren txanda izaten da. Azkoitiko Musika Bandak eta Parrokiako koruak zein Iraurgi abesbatzak lagunduta, Azkoitia abestiaren doinuak izaten dira nagusi. Miguel Mari Azpiazu musikari azkoitiarraren kantaren atzean ere badira hain ezagunak ez diren datuak.
Ereserki ofiziala sortu aurretik beste abesti batekin saiatu zen Azpiazu: "Lehendabizi Azkoiti izeneko abestia sortu nuen, nire kabuz, Iraurgi abesbatzarentzat, bertan ere ibiltzen bainintzen", gogoratu du musikari azkoitiarrak. Musika eta hitzak, biak sortu zituen Azpiazuk, eta abesbatzak pare bat edo hiru alditan abestu zuen arren, ez zuen ibilbide luzerik izan kanta hark: "Luzeegia eta zail samarra zen, agian, lehenbiziko abesti hura".
Handik urte batzuetara, Azkoitia sortu zuen, "aurreko abestiarekin alderatuz gero, erabat desberdina". Abesti haren musika Azpiazuk sortu zuen, eta hitzak, berriz, On Anastasio Albisuk idatzi zituen: "Euskaltzale amorratua zen On Anastasio, baina hitzak nik idatzi behar nituela esaten zidan. Dena den, lortu nuen berak idaztea, eta ederra gelditu zen ereserkia".
Azkoitia abestiak izan duen ibilbidea ikusita, "pozik" agertu da Azpiazu: "Ikaragarria da kanta urtero-urtero plazan entzun ahal izatea. Danborradan bezala, satisfazio handia ematen dit txupinazoaren ostean entzuten dela ikusteak, eta beste gauza askok baino inportantzia handiagoa du horrek niretzat".
Hona hemen Azkoitia ereserkiaren hitzak, On Anastasio Albisuk idatzi zituen gisan: