Iritzi kontrajarriak eragin ditu udalari egindako hainbat obra eskaeren gaineko hobariak

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 24a, 11:27

Ana Azkoitia alkateak kontu ekonomikoen berri eman zuen, nagusiki, atzo egin zuten udalbatzarrean. Ekiola kooperatibak, Urola Industrialdeak, Azkoitiko Parrokiak eta Leturiondo eraikineko jabeek egin dituzte obra eskariak, beren proiektuak aurkeztu eta gero.

Azkoitiko Udalak uztaileko udalbatzarra egin zuen atzo. Ohiko udalbatzarra izan zen, baina ezohiko egunean; izan ere, astebete aurreratuta bildu ziren udalean ordezkaritza duten EAJko, EH Bilduko, Azkoitia Bai herri plataformako eta PSE-EEko zinegotziak udaletxeko bilkura aretoan. Nagusiki, kontu ekonomikoak izan zituzten hizpide haiek, baina desadostasun handiena eraikuntza, instalazio eta obren interes bereziko edo udal onurako adierazpena onesteak, eta ondorioz, zerga horren artikuluak jasotzen duen %95eko hobaria onartzeak, argi utzi zuen udal talde bakoitzaren ikuspuntua.

Ana Azkoitia alkateak esan zuen udalaren ordenantzako 22. A artikuluak jasotzen duela zenbait obrak beren eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan hobaria izan dezaketela. Alkateak esan zuenez, ez da "oso ohikoa" izaten udalak halako eskariak jasotzea, baina ekainean lau proiektu jaso zituzten. Udal gobernuak proposatu zuen jaso dituen lau proiektu eskariei %95eko hobaria ematea, eta azkenean, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zuten. Aldiz, abstentziora jo zuten EH Bilduk eta Azkoitia Baik.

Ekiola kooperatibak, Urola Industrialdeak, Azkoitiko Parrokiak eta Leturiondo eraikineko jabeek egin dituzte obra eskariak, beren proiektuak aurkeztu eta gero. Ekiolak, batetik, ibilgailu elektrikoentzako Ibaiondo kalean karga puntua jartzeko obra eskaera egin du, eta bestetik, Urola Industrialdeak Oinartxoko eraikin komertzialean estalkia konpontzeko obra eskaria. Azkoitiko Parrokiak, bestalde, parrokiaren teilatua berritzeko proiektua aurkeztu du, eta Kale Nagusia 43 zenbakian dagoen Leturiondo eraikineko jabeak bere lur zatian itxitura berritzeko obra eskaera. Alkateak hobaria denei ematearen alde egin zuen; batetik, Ekiolan eta Urola Industrialdean udalak bere partaidetza duelako, eta parrokiari nahiz Leturiondo eraikinari, biek duten ondare ikuspuntuagatik.

EH Bildu, oro har, hobaria ematearen alde agertu zen. Ordea, parrokiaren eta Leturiondo eraikinaren inguruan hainbat azalpen eman zituen Asier Altuna bozeramaileak. Parrokiak ematen duen "zerbitzu soziala" eta Elizak "gizartean duen eginkizuna" ulertzen dituztela esan zuen hark, baina gogoratu zuen Eliza "enpresa pribatua" dela. "Kalkulatzen da Vaticanoak mila milioiko ondare garbia duela, eta dirua, nahi izatera, baduela. Hobaria jasotzeko eskubidea du, ordea, eta onartuko dugu. Leturiondo eraikinean egingo duten obra partzela bat ixteko izango da, eta ez irekitzeko. Hesia berritu eta herriari irekitzeko zabaldu izan balute, ondo ikusiko genuke". Azken puntu horrekin ados ez, eta abstentziora jo zuen koalizio subiranistak. 

Azkoitia Baik ere abstentziora jo zuen. Jose Joakin Etxaniz bozeramaileak esan zuen obra batzuek izen dezaketela "interes berezia edo udal onura", baina ez guztiek. Herri plataformak obra guztiak batera bozkatu beharrean, banaka bozkatzeko eskaria egin zuen, baina udal gobernuak hori ukatuta, batera bozkatu zituzten hautetsiek. Ekiolak aurkeztutako obrarekin erabiltzaileek eta herritarrek "abantailarik ez" dutela izango uste du herri plataformak. Urola Industrialdearen eskariari lotuta, berriz, Etxanizek adierazi zuen "pintzekin" hartu behar dela haien eraikin komertzialeko estalkia konpontzea. Parrokiari eta Leturiondo eraikinari dagokienez, ados agertu ziren haiek, proiektuek herriko ondarea mantentzea ahalbidetuko dutelako.

PSE-EEk aldeko botoa eman zuen obrak udal onurarako eta interes berezikoak direlako. "Hobariak ingurumenaren babesa, enpleguaren sustapena eta ondarearen zaintzan oinarritzen dira, eta egokiak direla uste dugu", esan zuen Janire Igoa bozeramaileak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide