Plaza Ondo jubilatuen elkarteak Ondarroa (Bizkaia) eta Aittola bisitatzeko egunpasa antolatu du abuztuaren 21erako. Ostegun horretan, aurrena, Gipuzkoak eta Bizkaiak muga egiten duten kostaldeko herria bisitatu ahal izango dute herriko jubilatuek, eta ondoren, Azkoitiko Madariaga auzoan dagoen Aittola-Zar jatetxean egingo dute bazkaria.
Jubilatuen elkarteak bihar, asteartea, zabalduko du irteerarako izen-ematea. Ohi bezala, Plaza Ondok Kultur Etxeko bigarren solairuan duen lokalean eman beharko da izena, astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan, 10:30etik 12:00etara. Elkarteko bazkideek 42 euro ordaindu beharko dute bidaian parte hartzeko, eta bazkide ez direnek, 48 euro.
Egunpasara 10:30ean abiatuko dira autobusez, Aizkibel liburutegiaren alboko geralekutik. Herritik zuzenean Ondarroara joango dira, eta han ibiliko dira 13:30era arte; izan ere, 14:30ean egingo dute bazkaria Aittola-Zar jatetxean. Elkarteak nabarmendu du abuztuko irteera horretan ez dutela hamaiketakorik eskainiko.