Herenegun, igandea, bost pertsona intoxikatu ziren Azkoitiko Ugarteigarango estali gabeko igerilekuetan, hango igerileku handiko uretan kloro ihes bat gertatu eta gero; hiru pertsona Donostia ospitalera eraman zituzten, eta beste bi lagun, Zumarragakora. Udalak azaldu duenez, dagoeneko etxean dira intoxikatutako bost lagunak. Atzo, astelehena, jaso duten medikuaren alta agiria lau lagunek, eta gaur, asteartea, jaso du sendagiria gaua ospitaleko baheketa gelan igaro duen azken haurrak.
Ana Azkoitia herriko alkateak intoxikatutakoen gurasoekin hitz egin zuen atzo. "Ospitaleratu zituzten haurren eta gaztearen gurasoekin hitz egin dut, eta ondo daudela berretsi didate, nahiz eta inork ez dien pasatutako sustoa kenduko. Zorionez, gertaera ez da gehiagora iritsi. Sentitzen dugu gertatutakoa, eta lanean jarraituko dugu berriro gerta ez dadin", adierazi zuen alkateak.
16:00ak pasatxo zirenean jazo zen ezbeharra igandean. Beharginen arabera, "gas zuri itxurako zerbait" ikusi zuten igerilekuaren izkina batean, eta une horretan igerilekuan zeuden hamar bat pertsona, gehienak umeak, ondoezik sentitzen hasi ziren. Horren eraginez, igerilekua hustu egin zuten sorosleek, eta minutu gutxira itxi egin zituzten azpiegitura guztiak.
Atzo, normaltasunez ireki zituzten berriro instalazioak, kloroa dosifikatzen duen motorrak izandako akats teknikoa konpondu eta uraren kalitatea "ona" zela baieztatu ondoren. Igerilekuak kudeatzen dituen Masquatro enpresak klorifikazio motorrak huts egin izanaren "kausa argitzeko lanean" jarraitzen duela azaldu du udalak.