Azkoitian ere sanferminak ospatu dituzte gaur, osteguna, udaleku irekietan parte hartzen ari diren umeek eta haien begiraleek. Zapia lepoan zutela, zuri-gorriz jantzita atera dira gaur haurrak kalera; izan ere, eguerdian sanferminetako pregoia eta txupinazoa entzuteko hitzordua egina zuten herriko plaza nagusian. 12:00etako kanpaiekin batera irakurri dute hainbat haurrek gaurko prestatutako idatzia udaletxeko balkoitik, eta segidan, konfetiak zabaldu dituzte plazan, txupinazoa bailitzan.
Segidan, entzierroa egin dute, baina, aurrez, entzierroaren aurretik abestu ohi den Entzun arren San Fermin abestia kantatu dute guztiek, ondo-ondo borobildutako egunkariak astintzen zituzten bitartean. Abestia amaitu orduko atera dira udaletxeko atetik zezenez mozorrotutako zenbait haur, eta haien aurretik Oteizaren frontoietaraino antxintxika egin dute plazan bildutako gainerakoek. Irribarretsu bezain urduri, bizi egin dute plazatik frontoietara arteko bidea gaurko protagonistek.