Azkoitiko Gaztanenea eraikinean zuntz optikoa eta gas hornidura sartzeko lanak hasi dituzte. Aste honetan bertan hasi dira langileak obra horiek gauzatzeko aurreneko urratsak egiten. Lur azpiko hodien bidez eramango dituzte bai gas hornidura, bai zuntz optikoa Hizkuntza Eskola Ofiziala dagoen eraikinera, eta hain justu, hodiak sartzeko lurrak harrotuz hasi dituzte lanak.
Iñatell Zerbitzuak enpresa ari da lanak gauzatzen, eta guztira, 26.763 euroko aurrekontua izango dutela jakinarazi du Azkoitiko Udalak, BEZa barne. Dena den, lanak laster amaitzea espero du erakundeak; izan ere, udalak egindako aurreikuspenen arabera, obrak datorren astean bertan amaitzea da asmoa.
Bestalde, eliz atarian, Andre Mariaren Jasokundeko parrokiaren aurrean dagoen koska igotzeko arrapala txiki bat jarri dute. Hain justu, parrokiaren eta Etxebeltz eraikinaren arteko elizaren aldera dagoen koska gainditzeko jarri dute arrapala, gunea irisgarriago eginez.