Urbanizazio lanak egiten ari dira San Martin auzoan

Ane Olaizola 2025ko uzt. 10a, 08:51

Etxebizitza berriaren aurrean urbanizazio lanak egiten ari dira, Tomas Larrazpuru kalean. (Ane Olaizola)

Izar Jai urbanizazioa eraikitzen ari den Grupo Eibar enpresa hirigintza lanak egiten ari da Tomas Larrazpuru eta Joakin Egia kaleetan, Hiritartze Proiektuaren barruan.

Grupo Eibar promotorea etxebizitzez osatutako Izar Jai urbanizazio pribatua eraikitzen ari da Azkoitiko San Martin auzoaren goialdean, eta aipatu enpresak Azkoitiko Udalarekin sinatutako Hiritartze Proiektuaren barruan, eraikuntza lanen sustatzailea hainbat urbanizazio lan ere gauzatzen ari da auzoko hainbat kaletan azken asteetan. Akordio horren arabera, hainbat esku hartze egitea dagokio enpresari urbanizazio horren atariko zoru publikoan; zehazki, Tomas Larrazpuru kalean eta hari lotutako Joakin Egia kalean ari da obrak egiten. 

Tomas Larrazpuru kalean egingo dituzte urbanizazio lanak, Gurutzeaga baserriaren paretik hasi eta Mikologia elkarteraino, eta, besteak beste, Gurutzeagaren eraikin zaharrena bota egingo dute, udalak jakinarazi duenez. Gurutzeagaren ondoan, Beidazar kaleari lotuta zegoen orubean ere lanean ari da Grupo Eibar; orube hura aparkaleku moduan erabiltzen zen lanak hasi zituzten arte, eta erakundeak azaldu duenez, behin-behineko beste aparkaleku batzuk egokituko ditu enpresak han. Era berean, udalak eremu horretan bi solairuko aparkalekuak eraikitzea "aztertuko" du etorkizunera begira. 

Hiritartze Proiektuaren barruan, bestalde, kale horretan zegoen haurrentzako parkea kendu egin zuten duela hiruzpalau aste, eta proiektu horren barruan aurreikusita dago beste parke bat eraikitzea; gaur-gaurkoz, hainbat eserleku daude erabilgarri arbolape horretan, eta udalaren esanetan, obren sustatzaileak abuztuaren amaierarako jarriko du umeentzako parke berria han. 

Horrez gain, Tomas Larrazpuru kaleko eremu horretan zein Joakin Egian asfaltatze eta saneamendu lanak ere egingo ditu Grupo Eibarrek; Joakin Egia kalean, Balentin Olano kalearekin bat egiten duen bidegurutzeraino iritsiko dira lan horiek. Enpresak urbanizazioa eraikitzerako bukatu behar ditu auzoko urbanizazio lanak ere, eta udalak datorren urteko Aste Santurako aurreikusi du obren amaiera. 

Margoketak errepidean

Bestalde, San Martin auzoko aparkalekuak zein hainbat kaletako bideak noranzko bakarreko egokitzeko seinaleak margotu ditu udalak azken asteetan, herritarrek iazko aurrekontu parte hartzaileetan eskatu zutenari erantzun nahian. Izan ere, San Martin auzoa behetik goraino zeharkatzen duten Nemesio Otaño, Balda eta Joakin Egia kaleak noranzko bakarrekoak izango dira. Errepide horrek jaisteko norabidea hartuko du, eta beraz, ibilgailuek Beidazar kaletik gora joan behar izango dute auzorantz. 

Lan horiek ez dute loturarik udalak Grupo Eibarrekin adostutako Hiritartze Proiektuarekin, baina erakundea jakitun da bi esku hartzeak aldi berean egin direla. Obren eraginez auzoa ezohiko egoeran dagoela-eta, noranzko aldaketa  ez da oraindik "guztiz" sartuko indarrean. Datozen egunetan jarriko ditu erakundeak seinale bertikalak, baina hirigintza lanak aurreratu eta auzoa normaltasunera bueltatu arte, neurria ez da behin-betiko aplikatuko. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide