Etzi, ostirala, hasiko dituzte festak Azkoitiko Urrategi auzoan. Datozen hiru egunetan ospatuko dituzte han Urrategiko Amaren egunaren bueltan antolatu ohi dituzten jaiak. Ohiko bidetik, mus txapelketa, bazkaria, elizkizunak, bertso zein trikiti saioak eta herri kirolak izango dira gozamenerako.
Mus txapelketa azkarrarekin hasiko dituzte jaiak Urrategin. Auzoko elkartean izango da txapelketa, 22:00etan hasita. Ohi bezala, lau sari izango dira han jokoan: bikote irabazleak txapelak eta 350 euro irabaziko ditu; txapeldunordeak, 150 euro; hirugarren sailkatuak, Isidro erretegian bi lagunentzako afaria; eta azkenik, laugarren bikote onenak bi txuleta eskuratuko ditu. Izena txapelketa hasi aurretik eman beharko da elkartean bertan, 20 euroren truke. Lau erregetara, lau usteletara eta lau hamarrekotara jokatuko dute txapelketa.
Larunbatean, berriz, auzotarren arteko bazkaria egingo dute elkartean, eta igandean, Urrategiko Amaren eguna ospatuko dute. Egunari elizkizunekin ekingo diote; izan ere, mezak egingo dituzte 09:00etan eta 11:00etan. Elizkizunaren ostean mokadutxo bat egiteko aukera izango dute guztiek, jaien antolatzaileek postua jarriko baitute jan-edanerako.
Bertso eta trikiti doinuak ere entzungai izango dira igandean bazkal aurretik. Batetik, Joanes eta Xabat Illarregi anaien bertso saioa izango da 12:30 inguruan, eta haien ondoren, Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilariak igoko dira oholtzara, bazkalordura arteko tartea girotzera.
Arratsaldean, 16:00etan, haurrentzako jolasak, puzgarriak eta tailerrak izango dira, eta 17:00etan, Iago Magoaren ikuskizuna. 18:00etan, berriz, herri kirol saioa jokatuko dute auzoko plazan. Harria jasotzen Ion Unanue Goenatxo III.a, Haritz Aranguren Norde eta Udane Ostolaza arituko dira, eta aizkoran, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Malen Barrenetxea. Kirol proben ondoren eta ilundu bitarte, erromeria eskainiko dute berriro Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilariek.
Hona hemen Urrategiko jaien egitaraua, osorik:
Uztailak 12, ostirala:
- 22:00. Mus txapelketa azkarra.
Uztailak 13, larunbata:
- Auzotarren bazkaria, elkartean.
Uztailak 14, igandea:
- 09:00. Meza.
- 11:00. Meza nagusia.
- 12:30. Joanes eta Xabat Illarregi bertsolariak.
- Ondoren. Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilariak bazkalordura arte.
- 16:00. Ume jolasak, puzgarriak eta tailerrak.
- 17:00. Iago magoaren ikuskizuna.
- 18:00. Herri kirol saioa: Ion Unanue Goenatxo III.a, Haritz Aranguren Norde eta Udane Ostolaza harri jasotzen eta Karmele Gisasola Zelai III.a eta Malen Barrenetxea aizkoran.
- Ondoren. Erromeria Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilariekin.