Udalak astigarrak eta pagoak landatuko ditu elizaren atarian

Maddi Txintxurreta 2025ko uzt. 4a, 10:09

Parrokia aurreko zuhaitz zaharrak. (Azkoitiko Udala)

Astelehenetik aurrera, parrokia aurrean astigar txikiak eta pagoak landatuko ditu Azkoitiko Udalak. Lanek bizpahiru asteko iraupena izango dutela aurreikusten du erakundeak, eta 14.687 euroko aurrekontua izango dute.

Egun parrokiaren aurreko plazan dauden zuhaitzak "oso egoera txarrean" daudenez, horiek kendu eta berriak sartuko ditu Azkoitiko Udalak. Zehazki, bertako espezieak landatuko ditu: zortzi astigar txiki eta beste hainbeste pago. Udalak astelehenean hasiko ditu lanak, eta bizpahiru asteko iraupena izango dutela aurreikusten du. 14.687 euroko aurrekontua bideratuko du horretara.

"Eliza ataria Alde Zaharraren bihotza da, eta orain Idiakez Ederra etxea guztiz eraberrituta dagoela, eremu atsegina geratu da. Are eta itxura politagoa hartuko du landaketekin. Egun hauetako beroari aurre egiteko ere behar-beharrezkoak dira zuhaitzak, eta aurrekoen egoera ikusita, ezinbestean, berriak sartu beharra dauzkagu", adierazi du Imanol Arrizabalaga Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Erakundeak zehaztu du astigarrak udazkenean kolore gorria hartzen duela, eta hostoa galtzen dituela, beraz, etengabeko kimaketarik eskatzen ez duenez, "landarearen osasuna hobeto mantentzen da". Astigarren lerrokadurari eutsiko diete zutabe formako pagoek. Horiek fastigiatu formakoak izango dira, hostoak gorantz hazten zaizkienetakoak, beraz, paisaia "aberastuko dute kolore aldetik", udalaren arabera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide