Klik!

Harra elikatzen

Mailo Oiarzabal 2025ko abu. 22a, 09:00

(Argazkiak: Aitziber Besga)

18 urterekin erosi zuen lehen argazki kamera Aitziber Besgak (Azkoitia, 1996), baina geroago piztu zitzaion irudiak harrapatzearen benetako lilura. Paisaiekin eta ekitaldi jendetsuekin trebatu ondoren, pertsonak erretratatzea da gaur egun gehien betetzen duena. Uztaileko Azkoitia Guka aldizkariko Klik! argazki erreportajea da honako hau. 

Hego Amerika abiapuntu

Informatika ikasi eta informatikari lanean aritu zen Besga sei urtez, baina hura ez zela beretzat jabetu zen. Kike Arnaiz argazkilari bidaiariarekin "topo egin" zuen Instragramen sasoi bertsuan, eta bultzada bihurtu zitzaion haren jarduna: Arnaizek online eskaintzen zuen ikastaro bat egin zuen aurrena, eta, lana utzita, Hego Amerikara joan zen gero, bidaiarako espresuki "kamera on bat" erosita. Joaneko hegaldia hartu zuen Txilera, "bueltakorik ez". Zazpi hilabetez lau herrialdetan ibili zen eta zientoka argazki egin zituen; tartean, Perito Moreno glaziarrean eta Uyuniko gatzagan.

Mugimendua jendaurrean

"Uste nuen berezko zerbait behar zela argazkilari izateko, talentua edo", dio Besgak. Baina Arnaizen eta beste argazkilari batzuen lana jarraituz, eta, batik bat, Hego Amerikan kamera astinduz, jabetu zen ekitea eta aritzea zirela ezinbestekoak. "Imajinatzen nik ere argazkiak eginez eta bidaiatuz bizimodua aterako banu?". Eta ekitea erabaki zuen. Hego Amerikan bere kabuz trebatuta, etxera itzuli zenean hainbat ekitalditan argazkilari aritzeko aukera izan zuen: Azpeitiko Ikasberri ikastolaren euskal inauterien jaialdian aritu zen lehen aldiz jendaurrean, 2024ko Kilometroak izan zituen lehen erronka potolo, eta Domusa Teknik mendi lasterketa hurrengoa. Argazkiak egitetik ez da bizi oraingoz, baina ametsaren bila bidea urratzen hasita dago.

Itsasertzak

Etxeko itsasertzak gustuko ditu Besgak. Beheko argazkia Orruan ateratakoa da: itsasontzi txiki bat, eguzkiak lainoen atzean sartzerakoan utzitako izpien islan.

Amerikatik Asiara

Etxean argazkilaritzan lehen urratsak egin ondoren burutu zuen Besgak kamera hartuta bigarren bidaia handia. Vietnamen (beheko argazkia), Malaysian eta Singapurren ibili zen.

Ezusteko oparia

Itsasertzeko beste egonaldi bateko irudi ehizaren emaitza da argazkia. "Zerua ikusgarri zegoen, eguzki izpi bakanak laino artean eta itsasoko uretan islatzen ziren, filmetan jainkoaren agerraldiak irudikatzeko erabili izan dituzten irudien parekoa zen estanpa. Eta hantxe, bueltaka, argazkian atera nahiko balu bezala, kaioa. Egundoko oparia izan zen", kontatu du argazkilari azkoitiarrak.

Bisaiek eta begiradek harrapatuta

Argazkiak egiten dituen bitartean, ikasten jarraitzen du Besgak. Autodidakta da azkoitiarra hein handian, baina unean uneko interesen eta beharren arabera ikastaroak eta formazioak eginez doa era berean. Hego Amerikako egonaldian nagusiki natura eta paisaiak jaso bazituen irudietan, Asian jendearengana hurbiltzen hasi zen, gero eta gehiago. Hasieran, urrutira eta "disimuluan" bezala harrapatzen zituen pertsonak; Asiako egonaldian, ordea, bisaiak eta begiradak gertu-gertutik harrapatzeari ekin zion, "pixkanaka" eta "baimena eskatuta", beti ere. Han ateratako argazkien artean, behekoa du gustukoena, Malaysiako tenplu hindu baten atarian ikusi eta liluratu zuen gizonaren erretratua.

Etxeko altxorrak

Urrutiko lurraldeetara egindako bidaiak mugarri izan dira Besgaren orain arteko argazkilari ibilbidean, baina etxean egindako argazkiak ere ez dauzka saltzeko. Beheko irudian, esaterako, lagun baten siluetarekin borobildu zuen Erlo gainean gozatzen ari ziren egunsentia. Argazkilaritza serio antzera hartzen hastearekin bat sortu zuen webgunea ere (aitziberbesga.com), baina gaur egun Instagram da Besgaren erakusleiho eta harremanetarako gune nagusia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide