Unai Andueza: "Gaur egungo egoera ekonomikoa babestea da lehentasuna"

Andoni Elduaien 2025ko abu. 24a, 09:01

Unai Andueza diputatua. (Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea)

Martxoaren amaieran hartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena eta Proiektu Estrategikoak saileko diputatu kargua Unai Andueza azkoitiarrak. Aldundiaren lau estrategiak zein diren luze-zabal azaldu du hark, ezegonkortasunen aurrean "oso adi" egoteko unea dela gogoraraztearekin bat. Uztaileko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honako hau.

Unai Anduezak (Azkoitia, 1973) hiru hilabete eskas daramatza Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena eta Proiektu Estrategikoak saileko diputatu karguan. Orain arteko balorazioa egiteaz gain, aldundiaren erronkak eta bere asmoak plazaratu ditu hark. Egungo egoera ekonomikoa ere hizpide izan du diputatuak.

Zer balantze egiten duzu lehen hiru hilabete hauetaz?

Aurrez departamentuaren barruko bi zuzendaritzatatik igaro izanak egiten du etxe barrua, lantegia, ondo ezagutzea. Alde horretatik oso eroso sentitu naiz. Orain arte hasita zegoen ibilbideari jarraipena ematen saiatu gara aurreneko aste hauetan; bertako talde eragilean eta zuzendaritza taldean nengoen, eta zehaztuta zeuden pautak partekatzen nituen. Ohore handiarekin bizi dut kargua. Ekonomiaren mundutik nator, eta niretzat oparia da lanpostu hau bete ahal izatea. 

Esan duzu; aldundia ez da berria zuretzat.

2020aren hasieran iritsi nintzen aldundira. Proiektu Estrategikoen foru zuzendaria izan nintzen garaiak [2020-2023] aldundi barruan kokatzeko balio izan zidan; aldundia etxe handi bat da, eta barruko funtzionamendua ulertzea garrantzitsua da. Garai horrek asko lagundu zidan harremanak egiten, ikuspuntua zein zen ulertzen eta proiektua nola garatzen ari ginen ikusten. Industria ingeniaria naiz ikasketaz, eta batik bat, enpresen berrikuntzen eta estrategien arloan aritu izan naiz. 

Agintaldi berria hasi zenean [2023], Ane Insausti diputatuak Ekonomia Sustapeneko foru zuzendaritza hartzea proposatu zidan. Proiektu Estrategikoen foru zuzendaritzarekin nahikoa lotuta dagoen zuzendaritza da Ekonomia Sustapenarena. Luxua izan da bost urte horietako ibilbidea, eta ez dut esaten diputatu edo zuzendari karguak bete ditudalako. Nire esku dagoena lurraldeari eskaintzeko aukera izan dut; ohore bat da nire ekarpenek lurraldean eragina izatea.

Unai Andueza. (Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea)

Zein da zure sailaren egitekoa?

Gaur egungo egoera ekonomikoa babestea da lehentasuna. Jarduera ekonomikoari esker bizi izan gara, eta egungo bizi kalitatea edota zerbitzuak horren bitartez datozkigu. Oso garrantzitsua da etorkizunera begira apustuak egitea, jakinda eraldaketa batzuk egongo direla eta hor posizionamendu bat lortu behar dela. Aldundiak ez du hagaxka magikorik guztia lehiakorragoa izan dadin, ez du soluzio magikorik; oxala izango balu. Azken finean, enpresen kezka nahiz arazo nagusiak identifikatzeko edota horiek bateratzeko lana egin behar da, eta horien aurrean, aldundiak bidelagun izan behar du. 

Zein da Gipuzkoaren egungo egoera ekonomikoa? 

Egungo argazki bat aterako bagenu, egoera oso ona da. Horrek ez du esan nahi puntualki edota sektore batzuetan arazorik ez dagoenik. Azken hiru hilabeteetako datuak aztertuta, baina, salmentak gora doaz, langabezia tasa inoiz baino ratio hobeagoetan dago... Dena den, argazki estatiko bat da hori, kontuan izan behar da-eta laino asko abiadura handian ari direla pasatzen. Alde batetik, transformazioak daude, hala nola digitala, deskarbonizazioari dagokiona, ekologiarena eta trantsizio demografikoarena. Bestetik, gehitu behar dira pandemiak ekarritako oszilazioak eta Ukrainan zein beste leku batzuetan piztuta dauden gerrek sortzen dituzten ezegonkortasunak. Hori dena gutxi balitz, gainera, Atlantikoaren beste aldean dagoen pertsona batek [Donald Trump] komertzio gerra bat irekitzea erabaki du, muga zerga batzuk ezarrita. Horrek guztiak egundoko ezegonkortasuna sortzen du. Oso adi egoteko unea da oraingoa; izan ere, ez dakigu laino horiek guztiek ekaitzik ekarriko al duten, eta ekarriko badute, noiz ekarriko duten. 

"Ez dakigu lainoek ekaitzik ekarriko diguten, eta ekarriko badigute, noiz ekarriko duten"

Gipuzkoa "potentzial handiko" lurraldea dela esan zenuen kargua hartzean.

Duen industria izaera da Gipuzkoaren indargune nagusia. Jakin izan dugu orain arte krisialdi edota trantsizio desberdinei heltzen. 80ko edo 90eko hamarkadetan hasi zen erortzen hemen genuen industria guztia. Esaterako, Azkoitia abarketak egiten zituen herri bat zen. Jarduera hori guztia, ordea, une batetik bestera deuseztatu zen, eta egun ez du lanposturik sortzen. Une batetik bestera eraldaketa bat egon zen, baina birsortzen jakin genuen lurralde gisa. Uste dut orain halako momentu erabakigarri batean gaudela. Ez dut esango kritikoa denik, baina ezegonkortasuna dagoen uneetan aukera berriak sortzen dira, eta, alde horretatik, oso adi egon behar dugu. 

Zein erronka eta zein lehentasun ezarri dituzu agintaldirako?

Teknologia oso-oso aurreratuak ditugu, baina Gipuzkoako enpresarik handiena bere sektoreko nazioarteko azoka batera joango balitz, erraldoi batzuekin egingo luke topo. Tamainaz haztea baino, garrantzitsuagoa da lurralde barruan lankidetzak uztartuta izatea. Une batean edo bestean etxean elkarren lehiakide izanda ere, kanpora ateratzen garenean bateratuta joan behar gara handiago baten aurka egitera. 

Bestalde, belaunaldi arteko erreleboa nabarmenduko nuke. Lanaren inguruko ikuspegia aldatzen joan da azken hamarkadetan. Lanak bere funtzioa baduen arren, beste gauza askori ere balioa ematen zaie orain. Abilak eta azkarrak izan behar dugu bizimodua eta bizi proiektua lanarekin bateragarri egiteko orduan; ordea, lanarekin batera izan behar du. 

Andueza, Eider Mendoza diputatu nagusia eta Ane Insausti aldundiaren egoitzan. (Aldundia)

Zein dira aldundiak Gipuzkoarako dituen proiektu estrategikoak?

Sektore berriekin edo etorkizuneko ekonomia garapenarekin lotzen ditugu proiektu estrategikoak. Europak RIS deituriko plan bat du, eta horrek zehazten du Gipuzkoak zein arlotan espezializatu behar duen gehiago; plan horrek zehazten dizkio Gipuzkoari zer berezitasun izan behar dituen, gero apustuak edo estrategiak egin eta horietan onenak izateko. Lau proiektu ditugu nabarmentzeko: batetik, Mubil estrategia, mugikortasun adimentsuaren eta jasangarriaren inguruko estrategia. Bestetik, Ziur estrategia, zibersegurtasun industriala sortzea eta horretan erreferente bihurtzea helburu duena, gero lurraldeko enpresetan zabaltzeko. Hirugarren estrategia da Gipuzkoa Quantum deitzen dena. Munduko seigarren ordenagailu kuantikoa jarriko dute Donostian, kuantikak ekarriko dituen teknologia berrien iraultzan eragiteko. Europan jarriko duten bigarren belaunaldiko lehen ordenagailua izango da. Azkenik, Gantt deitzen da laugarren erronka. Bio-osasungintzaren ardatzaren barruan, Gipuzkoa zelula, genetika eta RNA terapien garapenean espezializatzea helburu duen estrategia da hori.

Apustu oso zehatzak egin behar ditugu, lurraldeak dituen ezaugarrien edo baldintzen arabera, eta hor dena eman behar dugu. Anbizioz esan behar dugu lau merkatu nitxo horietan Europako erreferente izan behar dugula. Hori da agintaldiko apustua, betiere helburua kalitatezko enplegua sortzea dela jakinda.

"Proiektuak berez izan behar du bideragarria; hala ez bada, alferrik da horri eusten aritzea"

Eta eskualdera begiratuta, zein proiektu ditu esku artean aldundiak?

Aipatutako estrategia horiek guztiak Gipuzkoako enpresen sarean martxan jartzea eta aktibatzea izan behar du helburua. Gai izan behar dute gure enpresek, kasu honetan Urola Erdikoek, estrategia horien guztien gaitasunak eta ezagutzak beren lantegietan txertatzeko eta horiei ekiteko. Estrategia horien inguruan sor daitezkeen balio kateak edota enpresa zein produktu berrien garapenak lurraldean mantentzea izan behar du helburua. 

Teknologiaren bidetik dator industriaren garapena. Nola uztartzen dituzue teknologia berrikuntzak estrategia horietan?

Industria tradizionalak bilakaera izan du. Eraldaketa batzuk dagoeneko izan dira, teknologiaren transferentzian, zentro teknologikoen inguruan... Ordea, beste alor batzuk ere badaude aktibatu beharrekoak, hala nola digitalizazioarena, zibersegurtasunarena eta adimen artifizialarena. Enpresa txikiekin eta ertainekin saiatzen gara horretan bereziki. Eskualdeetako garapen agentzien bidez zenbait enpresa aukeratu ditugu, eta ibilbide horretan bidelagun izaten ahalegindu gara, aurreneko pausoak nola eman behar dituzten identifikatuz eta horiek zabalduz. Digitalizazioaren alorrari dagokionez, adibidez, 400 enpresak parte hartu dute prozesu horretan. Gainera, teknologia berriak txertatzea helburu duen beste proiektu bat jarri dugu aurten martxan: Betek. 

Eta ekologia trantsizioak zer garrantzi du aldundiaren plan estrategikoetan?

Industria gehiago sortu behar da; izan ere, industriak eman izan digu jaten, baita egun dugun bizi kalitatea ere. Ordea, industria hobea sortzen saiatu behar da, optimoagoa. Saiatu behar dugu berrikuntza baliatuz gure estrategietan edota nitxoetan onenak izaten, baina baita jasangarriagoak izaten ere. Deskarbonizazio prozesuei lotuta, dagoeneko zenbait bezerok karbono aztarnak eskatzen dituzte, edota eskatzen dute produktuak ingurugiroarekiko zer eragin duen jakitea. Halaber, hondakinak nola aprobetxatzen diren galdetzen dute edota ekonomia zirkularrarekin zer lan egiten den. Guretzat hankarik garrantzitsuenetako bat da ekologia trantsizioarena, orain arteko ibilbideari eutsi behar zaiola jakinda. Ardatz bezala ez dago zalantzarik: jasangarritasunak eta horri lotuta dauden deribatu guztiak garrantzitsuak dira.

Andueza eta Amaia Arregi Ekonomia Sustapeneko zuzendari azkoitiarra. (Aldundia)

Tokiko merkataritza apaltzen ari da. Nola biziraun beharko luke? 

Industriak erronka handiak baditu, zer esan tokiko merkataritzak dituenei buruz. Gipuzkoako enpresak txikiak direla badiogu, pentsa bertako merkatarien kasua zein den. Erronka garrantzitsua da, eta industriaren oso antzekoa da errezeta, bestelako osagai batzuekin. Iruditzen zait, tokiko merkataritzak etorkizuna izan dezan, saltoki bakoitzak bere bereizgarria bilatzeko gai izan behar duela. Kontsumo ohiturak aldatu egin dira, baina horien aurka joatea, horma baten aurka jotzea da. Kate handiek eskain ezin dezaketen berezitasunen bat eskaintzea izan daiteke tokiko merkatarien irtenbidea: produktu desberdina eskaintzea izan daiteke bide bat, edota zerbitzu pertsonalizatuagoa eskaintzea bestea. 

Aldundiak diru laguntzak ematen ditu bidelagun izan dadin, baina aurten aldatu egin dugu egiteko modua lehen aldiz. Diru laguntza espezifiko bat tokiko merkataritzarentzat edota horiek babesten dituzten elkarteentzat izango da. Zertarako? Merkatariak bereziak zertan diren jabe daitezen, eta saltokiaren berezitasun handiena zein den landu dezaten. 

"Produktua desberdina eta berritzailea bada, muga zergek afekzio gutxiago izango dute"

Lantegi batzuetan produkzio arazoak dituzte, eta beste batzuetan, langileei eragiten dieten neurriak ari dira hartzen. Zein da egoera?

Badaude lantegi batzuk halako kasuetan, baina, zortez, ez dira horrenbeste. Ez dago kezkatzeko moduko hedapenik edo ez dago kutsatze efekturik. Une honetako kasuak, eta eskualde honetakoak barne, kirurgikoki daude mugatuta. Gainera, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, saiatzen gara guztien artean irtenbidea bilatzen, egoera horretan dagoen enpresak bideragarritasun ekonomikoa izan dezan eta enpleguak manten ditzan.

Halako kasuetan aldundia bidelagun izaten saiatzen da. Industria enpresa proiektu batek berez izan behar du bideragarria; hala ez bada, alferrikakoa da horri eusten aritzea. Izan daiteke, baita ere, lantegi bat bolada txar bat pasatzen ari delako lagundu behar izatea. Gauza bat da enpresa batek luzera begira bideragarritasun ekonomikoa ba al duen edo ez jakitea, eta bestea, bezeroekiko arazoak edo finantza arazoak izatea. 

Zer duzu esateko AEBetako muga zergen kontuaz? 

Gipuzkoako enpresen merkatu nagusiak Alemania eta Frantzia izan dira beti, Txinarekin batera. Azken urteetan, Alemaniaren eta Frantziaren egoera ukituta egon da, eta hori ikusita, Mexiko eta AEBak ere bilakatu dira Gipuzkoaren merkatu nagusi. Horrek, alde batetik, erakusten du enpresek egokitzeko zer-nolako gaitasuna, malgutasuna eta azkartasuna izan duten; gai izan dira nazioarte mailako tarta aldatzeko. Trumpen muga zergen kontuak arriskuak ditu, ordea. Zerbait AEBetara esportatzeak eraginak jasango ditu, baina, era berean, posible da muga zergen eraginez produktuaren eta merkantziaren fluxua guztiz aldatzea ere. Muga zergak direla-eta Txinaren produktuak ez badira AEBetan sartzen, gerta liteke Txina Europara etortzea eta merkatua inbaditzea, produktuak hemen merkeago salduz. 

Eta muga zerga horien aurrean, nola pentsatzen du osatzea aldundiak babes sarea?

Lasaitasun puntu bat behar dugu argazkia zertan gelditzen den ikusi arte. Gizon horren txioen arabera definitu behar baditugu gure enpresa estrategiak, zilipurdika ibiliko gara egunero. Zein da mundu mailako merkataritza gerra bat sortu nahi duen pertsona horren aurrean erabili beharko litzatekeen errezeta? Norbere produktua zenbat eta desberdinagoa eta berritzaileagoa izan, muga zergek afekzio gutxiago izango dute. Sortzen den produktua estandarra bada, muga zergekin trabak jarriko dituzte. 

AEBek ez dute industria gaitasun nahikoa beraiek behar duten guztia egiteko, eta horregatik, zenbait gauza kanpotik sartu beharko dituzte. Berrikuntzan inbertitzen segitu behar dugu, produktu berriak egiten edota garatzen. Era berean, nazioartekotze alorrean apustua egiten jarraitu behar dugu. Halere, Europak saiatu behar luke adostasun batzuk lortzen bi aldeen onerako. 

Enpresa askoren beste kezketako bat talentu falta da. Zer bide ari da jarraitzen aldundia ardatz horri lotuta?

Askok ikertzaile espezifikoekin edota jakintza handia duten pertsonekin lotzen dute talentua. Denetik eta asko beharko dugu egun dugun maila berari eusteko. Talentua erakarri egin behar da, baina talentua, era berean, zaindu egin behar da; pertsona batek esan zidan talentua ez dela atxiki behar, baizik eta fidelizatu eta loratu egin behar dela. Talentua denok dugu gauza desberdinetarako, baina gai izan behar dugu pertsona motibatzen duten gaiekin lotzeko. Proiektuak erakargarria izan behar du gazte batentzat; motibatuko duen helburu bat bilatu behar zaio egitasmoari. 

Eta nola egin daiteke erakargarria?

Enpresa batek proiektu interesgarri bat izan dezake, baina bere funtzionamendu eredua edota bere enpresa kultura pasa den mendekoa bada, posible da egungo gazte batek lan horrekin ez jarraitzea. Aldundiak Mondragon Unibertsitatearekin batera ikerketa bat egin zuen, eta pertsona bat lanean ondo sentiarazten zuten lau arrazoi identifikatu zituzten: helburua zen bat, lanak profesionalki garatzeko edo ikasteko aukerarik ematen al zuen zen bigarrena, eta lanak sozializatzeko aukera ematen zuen edo ez hirugarrena. Laugarren faktore bat ere identifikatu zuten, ordea, garrantzi berezia zuena: autonomia. Alegia, lantegi batean langilea aintzakotzat ez bazuten hartzen, gainerako hiru faktoreek ez zuten funtzionatzen. Metodologia bat garatu genuen, eta saiatu ginen enpresetara ailegatzen, pertsona bat lanarekin gustura sentitzeko helburuarekin. 

Unai Andueza. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zer ikasi duzu kargua hartu zenuenetik hona?

Gai teknikoak eta proiektuak jorratzerakoan lagundu didate bai aldundian izandako ibilbideak, bai aldundira iritsi baino lehen egindakoak. Aldundia ordezkatzen dut ekonomiari lotutako zenbait ekitalditan; nire lanaren zati bat bilakatu da ordezkaritza, eta ikasi behar dut hori ere nire lanaren zati bat dela. Era berean, politikaren lehen lerrora iristean, komunikabideekin ere gehiago egotea egokitzen da. Aurreneko hilabeteetan aldaketa horiek nabaritu ditut, batik bat.

Agintean egoteak karga handia sortzen al du? 

Ez da karga bat, errespetua da hitza. Gipuzkoarentzat onena dena egin nahi dut, baina ondo egite horretan, aukerak, erronkak eta arazoak sortzen dira. Aldundiaren egoitzara sartzean esaten dut zorteko pertsona naizela, gustatzen zaidan lan batean nagoelako eta lurraldeari ekarpenak egiteko aukera dudalako. Ez dut esan nahi zorte onekoa naizela diputatu edo zuzendari izateagatik; ikaragarria da aldundiko taldean egotea eta norbere ekarpenak egiteko aukera izatea. 

Zure sinadura daraman zer nahiko zenuke ikustea etorkizunean?

Ekonomia Sustapeneko alorrari begiratuta, nahi nuke aldatu edota martxan jarri ditugun gauza guztiek enpresa txikiengan eta ertainengan eragin positiboa izan dutela ikustea, lan ildoak enpresen beharretara egokituago daudela eta horiek kudeagarriagoak direla esatea. Proiektu Estrategikoen alorrari begira, berriz, egun egiten ari garen apustu estrategiko guztiek isla bat izatea nahi nuke, eta lurraldeko industria enpresen jarduera martxan jarriko duen imanaren efektua sortuz, apustu horiek Gipuzkoa osora zabaltzea. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide