Noiztik bizi zara Azkoitian?
2017an etorri nintzen Azkoitira, baina 18 urte daramatzat Euskal Herrian. Lana izan dudan lekuetan bizi izan naiz: Tolosan, Amezketan, Andoainen, Lasarte-Orian, Donostian eta Lezoko Gaintxurizketan [Gipuzkoa]. Gaur egun, Loiolako Gogartetxean nabil lanean, garbitzaile moduan.
Aurrez ere horretan aritu izan al zara?
Duela hiru urtera arte adineko pertsonak zaintzen nituen, baina zerbait egonkorragoa topatu nahi nuen, seme-alabekin pentsatuta. Hiru seme-alaba ditut: nagusia Nikaraguan jaio zen, eta erdikoa Euskal Herrian. Baina Nikaraguan utzi behar izan nuen erdiko semea ere, harik eta egoera egonkortzen nuen arte. Ordura arte, logela bat genuen errentan hartuta, eta etxebizitza bat lortu nuenean ekarri nuen semea berriz Azkoitira. Ordea, baimen kontuengatik arazoak nituen seme zaharrena ekartzeko, eta tramite guztiak egin nituenean eta espainiar nazionalitatea lortu nuenean, lortu nuen hura ere hona ekartzea. Geroztik, ondo doakit.
Gogorra izan al zen ordura artekoa?
Oso gogorra. Seme nagusia 18 hilabete zituenean utzi nuen, eta 11 urte igaro genituen bananduta; erdiko semearekin, berriz, lau urtez egon nintzen bananduta.
Zerk bultzatu zintuen sorterria uztera?
Seme zaharrena osasun arazoekin jaio zen. Ospitaleratze asko izan zituen, tratamendu ugari egin zizkioten… Baina inguruan ez zegoen semea artatuko zuen espezialistarik. Horretarako, hiriburura, Managuara, joan beharra zegoen. Autobusez lau orduko bidaia egitea eskatzen zuen horrek, gero ospitalean egoteko. Nik, berriz, ez nuen lan finkorik, eta hango soldatak semeari sendagaiak erosteko bakarrik ematen zidan. Itota sentitzen nintzen, eta egoera gaina hartzen ari zitzaidan. Beraz, erabaki nuen herrialdetik atera behar nuela, baina ez nekien nora jo: AEBetara edo Europara. AEBetan senideak ditut, baina han paperak lortzea oso zaila da, baita bidaia bera ere; immigrazio ilegala izanik, hara joatekotan banekien noiz irtengo nuen etxetik, baina ez noiz iritsiko nintzen. Europara irtenda, berriz, nire amak bazekien hurrengo egunean hemen izango nintzela eta lau urtera paperak izango nituela. Zaila izan zen Nikaraguatik joatea, baina banekien gurasoen laguntza nuela, eta semea esku onetan uzten nuela.
Bizipen horiek hemengo herritarrei kontatzen dizkiezunean, nola jasotzen dute haiek?
Oso gogorra egiten zaie; familia uzteko kapaz ez liratekeela izango esaten dute [negarrez]. Baina ni bezalakook bizi izan duguna oso bestelako egoera da. Egindakoak merezi izan du, semeak nirekin ditudalako eta ongi gaudelako. Baina oso gogorra da zure familia, lagunak, guztia, atzean uztea. Asko pentsatu dut horretaz, gauza bat delako zerbait materiala uztea, eta bestea, semeak. Nik ez dut nire semea hazi, hona etorri zenean ezagutu nuen. Oso zaila izan da, eta horregatik diot herritarrek ez dutela ulertzen. Zorionez, horretarako premiarik ez dute, baina hemen beste egoera bat izango balute, beharbada ulertuko lukete.
Nikaragua utzi zenuenean, pentsatzen al zenuen gaur duzun bizimodua izango zenuenik?
Ez. Argi nuen hiru urtera itzuli egingo nintzela, nire helburua zelako semeari tratamendua ordaintzea eta han etxebizitza bat erostea. Baina herrira itzul zaitezkeela jakinda ere, hango egoerak behartzen zaitu hemen jarraitzera. Izan ere, hemendik hango senideei ere lagun diezaieket. Betebeharren eta helburuen preso bihurtzen zara halakoetan.