Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorria birgaitzeko lanak lizitaziora atera ditu aldundiak

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 1a, 12:45

Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorriko tunel bat. (Andoni Elduaien)

619.767 euroko oinarrizko aurrekontua aurkeztu du aldundiak lanak gauzatzeko. Bidegorriaren zorua edo lurra hobetzea da proiektuaren helburu nagusia. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorria birgaitzeko lanak lizitaziora atera ditu gaur, asteartea. Bidegorriaren bosgarren ibilbideari eragingo diote obrek, 20,810 eta 31,741 kilometro puntuen arteko zatiari, zehazki. 619.767 euroko oinarrizko aurrekontua aurkeztu du aldundiak proiektua gauzatzeko; lanak hemeretzi astean egin beharko direla ere nabarmendu du erakundeak. 

Bidegorriaren zorua edo lurra hobetzea da proiektuaren helburu nagusia. Batetik, higatuta dauden lur eremuak zementuarekin egonkortuko dituzte, eta bestetik, asfaltozko aglomeratu berri bat erabiliko dute aldapa handiko zatietan eta gainazaleko euri-urak bere bidea egiten duen guneetan.

Guztira, hemeretzi tuneletan eta hamasei pasabidetan jardungo dute. Hezetasun arazoak dauden tarteetan xafla iragazgaitzak jarri, eta arrakala berriak saihesteko, dilatazio loturak eraikiko dituzte. Drainatzea ere indartuko dute zenbait puntutan, eta horretarako, arekak, harri-hormak eta kutxatilak eraikiko dituzte. Azken hiru elementu horiek kokatuta, gainazaleko euri-urak behar bezala bideratu nahi ditu aldundiak. Zorua ere eraikiko dute beharrezkoa den guneetan, eta seinaleztapenak berriz pintatzea nahiz hobetzea ere aurreikusi du aldundiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide