Zabalik dira Euskara, Ingurumen eta Gizarte Ongizate sailetako diru laguntzen deialdiak

Ane Olaizola 2025ko eka. 26a, 14:23

Euskara sustatzeko, ingurumen jardueretarako eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen proiektuetarako zabaldu du udalak eskaerak egiteko epea. 

Azkoitiko Udalak Euskara, Ingurumen eta Gizarte Ongizate sailei dagozkien diru laguntzen deialdiak argitaratu ditu. Zehazki, euskara sustatzeko, ingurumen jardueretarako eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen proiektuetarako zabaldu dituzte deialdiak, eta interesa dutenek egin ditzakete eskaerak udaletxean. 

Euskarari dagokionez, enpresetan euskara planak sustatzeko, euskara ikasteko, UEUren eta EHUren udako ikastaroetara joateagatik eta merkataritzako saltokietan eta negozioetan euskararen presentzia sustatzeagatik eskainiko ditu diru laguntzak udalak. 

Ingurumenarekin lotutako egitasmoak aurrera eramateko ere diru laguntzak ematen ditu udalak, eta horretarako epea ere zabaldu du: hitzaldiak, dibulgazio kanpainak, prestakuntza ikastaroak, herritarren parte hartzea sustatzen duten egitasmoak edota tokiko ekonomia indartzera bideratutako jarduerak lagunduko dituzte, eta horien onuradunak izango dira hauek: jarduera eremua Azkoitian duten entitate, elkarte edo erakundeek eta ingurumena hobetzeko helburuarekin eskuarki eta noizean behin jarduera jakin baterako elkartzen diren banakoek edo taldeek.

Bestalde, herrialde pobretuetan bizi direnen baldintza sozial, ekonomiko eta kulturalak hobetzeko helburua duten programak garatzeko zein herrialde horietako errealitatearekiko zein egoera hori sortzen duten arrazoiekiko Azkoitiko herritarren interesa sustatzen laguntzen duten ekimenak sustatzeko, Gobernuz Kanpoko Erakundeentzako deialdia ere zabalik da. 

Diru laguntza lerro horien inguruko informazioa hemen eskura daiteke, eta zalantzaren bat duenak, udaleko Euskara, Ingurumen edota Gizarte Ongizate sailarekin daiteke harremanetan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide