Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunaren harira, adierazpena kaleratu du udalak

Andoni Elduaien 2025ko eka. 28a, 08:30

Ortzadar bandera udaletxeko balkoian zintzilik. (Andoni Elduaien)

Joan den asteazkenean egindako ekaineko ohiko udalbatzarrean Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunaren bueltako adierazpena onartu zuten EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk. Gaur da egun hori, eta adierazpena publiko egin du erakundeak.

Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguneko adierazpena onartu zuten EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko ordezkariek joan den asteazkenean egindako udalbatzarrean; Azkoitia Bai herri plataformak, berriz, aurka bozkatu zuen mozioek eta adierazpenek "eraginkortasunik ez" dutela iritzita. Gaur, ekainak 28, da egun hori, eta erakundeak publiko egin du adierazpena. Hain zuzen, Azkoitiko Udalak aniztasunarekiko eta bizikidetzarekiko "konpromisoa" berretsi du Sexu Askatasunaren Nazioarteko Egunean.

Honako hau da Azkoitiko Udalaren adierazpena:

Ekainaren 28an, LGTBI+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, Azkoitiko Udalak aniztasunarekiko eta bizikidetzarekiko konpromisoa berretsi nahi du. Udalak, LGTBI+ mugimenduak eskubideen eta askatasunen aitortzan lortutako aurrerapausoak ospatzeaz gain, benetako berdintasuna lortzeko oraindik egin beharreko lana gogorarazi nahi du.

Azken urteotan, hainbat pertsona, elkarte, erakunde, kolektibo eta erakunderen etengabeko lanak kontzientziak ikusarazten, sentsibilizatzen eta eraldatzen lagundu du, sexu- eta genero-aniztasunaren onarpena areagotuz. Beren dedikazioa, konpromisoa eta ausardia eskertu nahi dizkiegu.

Gaur egun harrotasunez esan dezakegu gizarte bat eraikitzen laguntzen ari garela, non pertsona bakoitza izan daitekeen eta bizi daitekeen armairurik eta loturarik gabe, aurreiritzirik, estigmarik eta beldurrik gabe. Badakigu oraindik bide luzea dagoela egiteko. Horregatik, babes-keinu bakoitza, ikusgarritasun-ekintza bakoitza, LGTBI+ eskubideen aldeko hitz bakoitza funtsezko urratsa da lortutako lorpenak sendotzeko eta aurrera egiten jarraitzeko. Berdintasuna eta askatasuna ezin dira negoziatu.

Ekainaren 28a ez da oroitzapenezko data bat bakarrik, ekintzarako premiazko deia baizik. Azkoitiko Udalak herritar guztiak ausardiaz jokatzera, gorroto diskurtsoen aurrean isilik ez egotera eta edozein indarkeria, diskriminazio edo eskubide-urraketa salatzera animatzen ditu. Era berean, Udalak giza eskubideekin duen konpromisoa berresten du herriko LGTBI+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoa eta ekintza-plan integrala egiteko prozesua irailean abian jarriz.

Horregatik guztiagatik, herritar guztiak sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldietara batzea gonbidatzen ditugu, LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsa eta sexu- eta genero-aniztasunaren aldeko borroka Azkoitiaren identifikazio-elementu izan daitezen.

Gaur, inoiz baino gehiago, gure aniztasunean bat egin behar dugu, elkarrekin eraikiz eta lan eginez, etorkizunean pertsona guztiok duintasunez, errespetuz eta askatasunez bizi gaitezen. Gora Ekainaren 28a!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide