Udalak urte amaierarako aurreikusi du Jaurlaritzari etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izendapena eskatzea

Andoni Elduaien 2025ko eka. 26a, 11:58

Udalak "lanketa abian" duela jakinarazi zuen atzo arratsaldean Ana Azkoitia alkateak. Azkoitia Lantzen sozietatearen bidez egingo ditu erakundeak tentsio handiko eremu izendapena eskatu ahal izateko diagnostikoa, memoria eta hiru urteko plana. Horrez gain, Elkarguneko argindar arazoak ere hizpide izan zituzten, baita Palestinako egoerari buruzko mozio bat eta LGTBI+ kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren bueltako adierazpena ere.

Azkoitiko Udalak ekaineko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, asteazkena, udaletxeko bilkura areto nagusian. Besteak beste, Azkoitia etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izendatzeko mozioa eztabaidatu zuten, EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztutakoa. Hasiera batean, PSE-EEk sartu zuen mozioa udalean, baina udal gobernuak eta biek beste testu bat adostu, lehengoa erretiratu eta adostutakoa sartu zuten gero sozialistek. Azkoitiak etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izendatzeko behar diren hiru irizpideetako bat betetzen du egun, hain justu, azken bost urteetan etxebizitzen salerosketa prezioek izandako igoerari dagokiona. 

Herritarrek etxebizitza "duin eta eskuragarria izatea erronka globala" bihurtu dela azaldu zuten Marijose Arregi EAJko eta Janire Igoa PSE-EEko zinegotziek. "Legez aplikatzekoak diren neurri guztiak ezartzea eta higiezinen merkatuan esku hartzea eskatzen du egoerak, argi baitago ez dela berez arautzen", esan zuten haiek. Hori hala, etxebizitza publikoen parke "indartsu" bat lortzea, zuzkidura bizitokiak gauzatzea, zergen arloko neurriak hartzea, alokairua kudeatzaile publikoen bidez "arrazoizko" prezioetan bultzatzea, erabilera aldaketak areagotzeko erregulazioa ezartzea eta lehendik dauden etxebizitzak bereiztea proposatu zuten haiek. 

Herria tentsio handiko eremu izendatu ahal izateko izapideekin segitzeko eskatu zuten bi alderdietako ordezkariek, besteak beste, diagnostikoa, memoria eta hiru urteko plana egiteko kontratazioa martxan jarriz. Lanketa hori guztia egindakoan, berriz, izendapena eskatzea galdegin zuten. Halaber, alokairuko etxebizitza publikoak sustatzea eta bere eskumenekoak diren neurriak ezartzea eskatu zuten, Bizigune bezalako kudeatzaileen eta programa publikoen bidez etxebizitzak merkaturatzea sustatzeko.

Alkateak esan zuen izendapena lortu ahal izateko "lanketa abian" duela erakundeak. "Udala lanketarekin hasita dago, eta gainera, gaur esan dezaket enpresa baten kontratazioa martxan dagoela, horrek tentsio handiko eremuaren izendapena lortzeko azterketa egin dezan". Alkateak adierazi zuen Azkoitia Lantzenen bidez egin nahi dutela izendapena lortu aurretik egin beharreko azterketa. Urte amaierarako Jaurlaritzari izendapenaren eskaera egiteko moduan izatea espero du udalak.

Oposizioaren posizioa

EH Bilduk babestu egin zuen jeltzaleen eta sozialisten mozioa, baina Asier Altuna koalizio subiranistako bozeramaileak Eusko Jaurlaritzak azken bi hamarkadetan aplikatutako etxebizitza politika salatu zuen. "Egungo egoeraren ondorioetako bat da aplikatu den politika. Gure iritziz etxebizitza librea lehenetsi duzue alokairu sozialaren kaltetan, eta horren ondorioa ari gara orain bizitzen", esan zuen. Gainera, Altunak gogorarazi zuen duela hogei urte babes ofizialeko etxebizitzei lotuta egindako aurreikuspenen "laurden bat ere ez" dela bete herrian. "EAJ azken hogei urtetatik hamaseitan egon da gobernuan, eta egin diren politika horien ardura alderdiak ere izango du".

Azkoitia Baik, bestalde, ezezko botoa eman zion mozioari. Herri plataformak mozioen eta adierazpenen aurrean azaldu ohi duen jarrera erakutsi zuen atzo ere, halako testuek "eraginkortasunik ez" dutela arrazoituta. Dena den, Jose Joakin Etxaniz bozeramaileak esan zuen, batetik, "alderdi batek bere buruari mozioa jartzeak erabat nahastu" dituztela, eta bestetik, "zentzugabea" iruditzen zaiela. "Oposizioari onartutako partida asko aurrera eraman ez izana salatu dugu, baina orain arte ez zaituztegu sekula ikusi zeuen buruari mozioa jartzen", esan zuen hark.

Elkarguneko argindarraz

Bestalde, azkenaldian Elkargunean izaten ari diren argindar arazoak izan zituzten hizpide. Udalbatzarrean esandakoaren arabera, izan dira argia 30 edo 40 aldiz joandako egun batzuk. "2006an jarritako sistema bat dago egun Elkargunean, eta sistema hori arazoak ematen hasi da; badira hilabete batzuk huts egiten hasi zela. Hasiera batean arazoa orokorra bazen ere, egun zenbait gunetako argiteriarekin dago arazoa. Argia joan egiten da, eta sistemari zerbait ukituta, berriro bueltatzen da. Arazoarekin hasi ginenean, enpresa bat etorri zen, eta haiek esan zuten oso aspaldiko sistema dela; automatikoa da, eta egun halakorik ez dago", azaldu zuen Azkoitiak.

Dena den, hark esan zuen enpresak "soluzio azkar bat" planteatu diola udalari, eta horri erantzunez, erakundeak Elkarguneko beste bi asmotara bideratutako diru partidak erabili dituela proposatutako konponbidea lehenbailehen kontratatu ahal izateko. Argindarraren sistema automatikotik eskuzkora aldatuko dute, eta Azkoitiaren arabera, "dagoeneko lanean" ari dira. Hori hala, aste honetan ez bada datorrenean sistema "operatibo" egotea espero dute.

Hain justu, Elkarguneko Herriko Plaza aretoa atontzera bideratuta zeuden 10.000 euro eta ustekabeko beste gastuetarako zehaztuta zeuden 3.300 euro inguru erabili dituzte argiteria sistemaren arazoa konpontzen hasteko. Udalaren bi asmo horiek, baina, partidarik gabe gelditu dira orain, eta erakundeak 30.000 euroko kreditu aldaketa egingo du, gerakina erabiliz. Batetik, Elkarguneko ustekabeko beste gastuetara 20.000 euro bideratuko ditu erakundeak; 3.300 euro ingurutik 20.000 eurora igo dute partida hori, "berriro halako ezusteko bat gertatzen bada nondik heldu eduki ahal izateko". Bestetik, Elkarguneko Herriko Plaza aretoa atontzera 10.000 euro bideratuko dituzte. 

Era berean, alkateak esan zuen gerora lizitazio bat egin beharko dutela Elkarguneko argiteria sistema behar bezala jartzeko, baina, oraingoz, aurrekonturik ez dutela. "Aurrekontua jasotzen dugunean ekarriko dugu udalbatzarrera horri lotutako kreditu aldaketa bat lizitaziora atera ahal izateko", esan zuen hark.

Palestina eta LGTBI+

Azkoitia etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izendatzeko mozioaz gain, Palestinako egoerari buruzko mozioa eta LGTBI+ kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren bueltako adierazpena onartu zituzten udalbatzarrean, horiek ere EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztutakoak. Jeltzaleen, EH Bilduren eta sozialisten aldeko botoekin onartu zituzten bai mozioa, bai adierazpena. Azkoitia Baik, berriz, ezezko botoa eman zien biei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide