Azkoitia etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izendatzeko mozioa eztabaidatuko dute bihar

Andoni Elduaien 2025ko eka. 24a, 09:58

Udaletxeko bilkura areto nagusian elkartuko dira bihar. (A. Elduaien)

Azkoitia etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izendatzeko mozioa eta Palestinako egoerari buruzko beste bat eztabaidatuko dituzte udal taldeek, biak EAJk eta PSE-EEk batera aurkeztutakoa. 

Azkoitiko Udalak ekaineko ohiko udalbatzarra egingo du bihar, asteazkena, udaletxeko bilkura areto nagusian. Batik bat, mozioak izango dituzte hizpide biharko saioan; izan ere, Azkoitia etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izendatzeko mozioa eta Palestinako egoerari buruzko beste bat eztabaidatuko dituzte udal taldeek, biak EAJk eta PSE-EEk batera aurkeztutakoa. 

Zapatuan, ekainaren 28an, ospatuko da mundu zabalean LGTBI+ kolektiboaren sexu askapenaren eta harrotasunaren nazioarteko eguna, eta horren harira, jeltzaleek eta sozialistek elkarrekin aurkeztutako mozioa ere eztabaidatuko dute. Bestalde, kreditu gehigarrien bidez Zubiaurre-Elkarguneko kreditu aldaketak jakinarazi eta behin betiko onespenen nahiz aurrekontuaren informazioaren berri emango dute.

Azkoitiko Udalari esker, Gukaren webgunean zuzenean jarraitu ahal izango da biharko udalbatzarra, 18:00etatik aurrera.

Hona hemen biharko udalbatzarraren eguneko zerrenda: 

  1. Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
  2. Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Zubiaurre-Elkargune Institutuaren 1 zenbakidun espedientearen onespena.
  3. EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztuko mozioa, Palestinako egoerari buruz.
  4. EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako mozioa, etxebizitza-merkatuko tentsio eremu izendatzeko.
  5. EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako adierazpena, LGTBI+ kolektiboaren sexu askapenaren eta harrotasunaren nazioarteko egunekoa.
  6. Behin betiko onespenen berri ematea.
  7. Aurrekontuari buruzko informazioa.
  8. Galde-erreguak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide