Bihar amaituko da aurrekontu parte hartzaileetarako proposamenak egiteko epea

Andoni Elduaien 2025ko eka. 23a, 12:26

Udaletxean dago postontzietako bat. (Andoni Elduaien)

Herritarrek 300.000 euro zertan erabili proposatu beharko dute. 18.000 euro baino gutxiagoko aurrekontua duten proiektuetarako 50.000 euro bideratuko dituzte, eta gainontzeko 250.000 euroak, 18.000 eurotik gorako proiektuentzako izango dira.

Bihar, ekainak 24, amaituko da udalaren aurrekontu parte hartzaileetara ekarpenak egiteko epea. Maiatzaren amaieraz geroztik izan dute azkoitiarrek proposamenak aurkezteko esku-orria udaletxean, Elkargunean zein Aizkibel liburutegian entregatzeko edo online galdetegia betetzeko aukera. Bihar izango dute ekarpenak egiteko azken eguna.

Herritarrek 300.000 euro zertan erabili proposatu beharko dute: batetik, 18.000 euro baino gutxiagoko aurrekontua duten proiektuetarako 50.000 euro bideratuko dituzte, eta gainontzeko 250.000 euroak 18.000 eurotik gorako proiektuentzako izango dira. Ekarpenak egiterakoan, baina, kontuan hartu beharko da proposamenak inbertsio edo azterlan berrietan oinarritu beharko direla, eta ezingo dutela gastu iraunkorrik sortu. Horrez gain, proiektuek udalaren eskumenekoak izan beharko dute, eta teknikoki, ekonomikoki zein juridikoki bideragarriak. 

Proposamenak udal teknikariek aztertuko dituzte, irizpide horiek kontuan izanda. Bideragarriak diren proiektuen artetik, herritarrek osatzen duten berme batzordeak erabakiko du bozketa fasera zein proiektu igaroko diren. Urrian izango da bozketa fasea, eta 16 urtetik gorakoek izango dute botoa emateko aukera —8 eta 18 urte bitarteko haurrak eta gazteak ere ari dira prozesuan parte hartzen, ikastetxeetan—. Datozen bi urteetan gauzatuko ditu udalak boto gehien jasotzen dituzten proiektuak. 

Hain justu, apirilean osatu zuen udalak hamabost herritarrek osatutako berme batzordea. Bozkatu beharreko proiektuak lehenesterakoan izan beharreko irizpideak finkatu zituzten orduan, eta irailean nahiz urrian elkartuko dira berriro. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide