Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Adiskide Numerario izendatuko ditu bihar, zapatua, Daniel Bermejo (Donostia, 1989) eta Javier Esteban Otxoa de Eribe (Tolosa, Gipuzkoa, 1989). Azkoitiko Intsausti jauregian izendatuko dituzte biak elkarteko kide, 12:00eta hasiko den ekitaldi irekian.
Pedro Berriotxoa Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako presidenteak irekiko du ekitaldia, eta ondoren, Bermejok aurkeztuko du sarrera ikasgaia, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen bazkideak eta Antzinako Erregimenaren amaiera izenekoa. Donostiarraren ostean iritsiko da tolosarraren txanda; hark Epidemiak eta Ilustrazioa 1775eko euskal mediku-manuskriptu batean ikasgaia aurkeztuko du. Berriotxoa presidenteak harrera hitzak eskainiko dizkie segidan bi Adiskide Numerario berriei, eta gero, elkartearen domina eta diploma jasoko dituzte. Ekitaldiak iraun bitartean, Ignacio Arakistain musikariak hainbat abesti eskainiko ditu Intsaustiko pianofortearekin.
Bermejok EHUren Gasteizko campusean egin zituen unibertsitate ikasketak. 2011n Historian lizentziatu zen hura, baina 2019an diziplina batean doktoratu zen, nazioarteko doktoretza aipamena eta doktoregoko aparteko saria jaso zituen tesi batekin. Hain justu, bere tesiaren muina jasotzen duen liburu bat ere argitaratuta du Bermejok: La caída de una clase política. Los reformistas vascos en la crisis del Antiguo Régimen (1764-1814). Bestelako argitalpenak ere egin ditu, eta Clermont-Ferrandeko Blaise Pascal unibertsitatean nazioarteko egonaldia egindakoa da. Aro Modernoak eta Garaikideak Euskal Herrian izan duen boterearen historia sozialean oinarritzen da bere lan eremua. Duela lau urte hasi zen, gainera, Geografia eta Historia irakasle lanetan.
Otxoa de Eribe, berriz, Historian lizentziatua da, baina master nahiz doktoretza ikasketak egin zituen EHUn, guztiekin aparteko sariak jasoz. Ikertzaile gisa egonaldiak egin ditu Cambridgeko Unibertsitatean, Delawareko Unibertsitatean eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Gainera, 2019tik EHUko Historia Modernoko irakaslea da. Doktore tesia 2018an argitaratu zuen Silex argitaletxearekin, Discursos civilizadores: Escritores, lectores y lecturas de textos en euskera (c. 1767–c. 1833) izenburupean. Koordinatzaile gisa parte hartu izan du hainbat argitalpenetan, baina, egun, Antzinako Erregimenaren amaierako Euskal Herriko kulturaren nahiz gizartearen historia du aztergai. Nolanahi ere, XVIII. mendeko osasun publikoaren ikuskeran interesatu da bereziki.