Etzi, igandea, Trinitate jaia ospatuko dute Azkoitia eta Zumarraga arteko Oleta mendian. Egun guztiko egitaraua antolatu du beste urte batez Zumarragako (Gipuzkoa) Aginaga auzoko Oleta elkarteak.
Mendira Zumarragatik oinez igo nahi dutenek Aginaga auzotik izango dute horretarako aukera; izan ere, 10:00etarako jarri dute hitzordua auzotik Oletara abiatzeko. 11:00etatik aurrera hasiko dira hamaiketakoa eskaintzen gurutzearen alboan jarriko duten karpan, eta 12:00etan, meza egingo dute gurutzean.
Elizkizunaren ondoren, gazteen arteko herri kirol saioa izango da karparen alde batean, eta 14:30ean, bazkaria eskainiko dute. Gainera, egun guztian zehar, Miren eta Agurtzane trikitilariek girotuko dute mendia.