Udaberriarekin, zizak bezala, hasten dira ugaltzen festak eta jaiegunak. Handiek zein txikiek, indartsuek ala xumeagoek, denek dute beren xarma eta publikoa. Herriko jai nagusiek edo egun bereziek –ekaineko Pilotari Egunean, esaterako– adina jende ez dute erakarriko, ezta hurrik ere, baina Azkoitiko auzo gehienetan jarraitzen dute tokiko festak antolatzen eta horietaz gozatzen. Badira bidean gelditu direnak ere, behin-behinean edo behin betiko; aurten, esaterako, Santa Kutzen ez dute festarik izango. Jendearen ohitura eta joera aldaketen erritmora ari dira aldatzen festak ere; handiak, baina bereziki txikiak.
Urrategin, Martirietan eta Madariagan ondo dakite hori. Hiru auzo horietako jaien bilakaeraz eta egungo errealitateaz hitz egin dute Gukarekin festak antolatzen aritzen diren herritarrek.
Itzuliko ez direnak
Atzera begira jarrita, itzuliko ez diren festa moldeen oroitzapenak gordetzen dituzte Joxe Luis Garatek (Azkoitia, 1966), Itzeder Arrizabalagak (Martirieta, 1983) eta Madariagako Perratoki elkarteko auzokideek.
Bere haurtzaroan eta gaztaroan uztaileko bigarren igandean, Urrategiko Amaren egunean, hari eskainitako ermitara eta auzora "egun pasa joaten zen jende mordoaren" oroitzapenak ditu iltzatuta Garatek. Urrategi barreneko Ugartegoikoa baserrikoa zen Garateren ama, eta "Urrategirako joera handia" izan dute beti etxean. "Jai handia" izaten zen Urrategiko Amaren eguna Garate mutil koskorra zela: "Geu ez ginen egun-pasa joaten: meza entzun, herri kirolak edo zegoena ikusi, eta jaitsi egiten ginen. Baina oroitzen dudana da egundoko jendetza elkartzen zela eta jende asko egun-pasarako prestatuta joaten zela kaletik, familian, hango zelaietan eguna pasatzeko. Garai hartan taberna zegoen Urrategin, eta jendeak han ere erosten zituen edariak, ogitartekoak... Urrategiko Ama Azkoitiko zaindaria da, eta uste dut kaleko jendeak ere debozio handia diola. Gainera, uztaila izanda, normalean eguraldi ona izaten da".
Gazteagoa da Arrizabalaga baina, hala ere, haren umetako eta gaztetako Pentekoste jaiek eta gaur egungoek zerikusi gutxi dute. Auzoetan ere festak astegunetan ospatzen ziren garaiak ekarri ditu gogora Martirietakoak: "Akorduan daukat lehen ostiralean hasi eta asteartera arte izaten zirela festak, bost egunekoak, eta egun handienak-edo astelehena eta asteartea izaten ziren. Neu eskolara joaten nintzela, baina Martirietan jai izaten zela dut gogoan. Jendea mezetara, hamarretakoa egitera, bazkaltzera, erromeriara… inguratzen zen. Iluntzean ere erromeria egiten zen. Guk eskolara joan behar izaten genuen, pixka batean egoten ginen, baina bere batean erretiratzen ginen; soinua adituz hartzen genuen lo".
San Isidro eguneko meza eta frontoiko prozesioa mantendu dituzte garai batetik Madariagan, baina xumeagoak dira gaur egungo festak: "Oso soinujole onak etortzen zirela kontatzen dute auzotar 'beteranoek' garai bateko sanisidroez, Sakabi edota Gelatxo etortzen zirela. Txomin Garmendia bertsolaria ere hemen izaten zuten; taberna gaineko balkoi txikitik aritzen ziren kantuan bertsolariak. Luberiagara joan eta etorri saltaka saioak ere egiten zituzten".
Tabernak eta festak
Aspaldi aldatu ziren kontuak landa eremuko auzo eta herri txikietan, ez bakarrik tokian tokiko festak ospatzeko moduan, baina baita arlo horretan ere.
Auzoetako bizimoduaren bilakaeran mugarriak izan diren edota izan daitezkeen kontuak aipatu dituzte Arrizabalagak eta Garatek. "Kaletik etorri da jendea gure auzora, baserriak erosi edota etxe berriak egin dituzte, baina auzoko girora ez dira asko inguratzen. Txikia nintzenean, auzoko baserri guztietakoak auzoan bertan elkartzen ginen. Orain ere egongo dira gure auzoan hogei bat ume, baina elkarrekin zenbat ibiltzen dira ba? Denak kalera jaisten dira eta kalean ibiltzen dira orain", kontatu du Arrizabalagak Martirietako errealitateaz. "Festarik eta tabernarik ez bada, auzoak hilda gelditzen" direla ere esan du Martirietako tabernako semeak, eta iritzi horri arrazoia ematera dator Garateren kontakizuna. Ia mende laurdena da Urrategiko elkarteko bazkide talde bat hasi zela auzoko festak antolatzen, auzoko taberna bakarra itxi ondoren festak guztiz gainbehera etorrita zeudela ikusita. "Duela 25-30 bat urte itxiko zuten taberna. Gu duela 22-23 urte sartu ginen festen antolaketan, eta ordurako bizpahiru urte zeramatzaten jaiek nahiko eskastuta. Mezak-eta izaten ziren, baina beste ezer ez zen egoten. Urrategin bertan bizi den familiako semeak Gorritiri deitzen zion eta arratsaldean zerbait ipintzen zuen, baina ez zen mugimendu handirik egoten; taberna itxita zegoenez... Gastatzera zihoan".
Galtzeko zorian zeuden festak berreskuratu izanaren poza dute Urrategin
Madariagan badakite zer den auzotarren arteko loturak ahultzea, baina horiek berrindartzeak dakartzan fruituen berri ere badute. Urte askoan auzoan bertan elkartzeko espazio egokirik ez dute izan Madariagan. "Auzotarrok kotxean pasatzen ginen, baina gelditu gabe", diote. 2010ean, ordea, Biziberri programaren eta Urkomeren eskutik, auzotarren eta auzoko beharrak identifikatzen eta auzotarrak elkar hartzen hasi ziren; auzo elkartea eratu zuten, eta gaur egun Madariagakoen elkargune den Perratokia jarri zuten martxan 2018an, lokalaren jabe den Elizarekin akordioa eginda. Komun publikoak jarri dituzte, eta frontoia eta eliza ere berritu dituzte Madariagan azken urteotan. "Auzotarrek egindako lanari esker, eta Eusko Jaurlaritzatik zein udaletik iritsi diren laguntzekin, auzoa eraberritzea lortu da", diote, egindakoaz harro. San Isidro jaiak auzotarrak elkartzeko urteroko hitzordu bihurtu ziren: "San Isidro egunean kanpotik etortzen zen jendea eta haientzat egiten zen lana gehienbat, baina aurreko egunetakoa geuretzako eta geure arteko giro polit horretan gozatzeko izaten zen; elkar ezagutzeko balio izan digu".
Gorabeherak eta trabak
Galtzeko zorian edo oso ahulduta zeuden festa egunak berreskuratu eta indartu izanaren poza dute Garatek eta harekin batera Urrategiko festak antolatzen aritzen direnek zein Madariagako auzokideek. Martirietan, aldiz, "asko ahulduta" daude festak, eta horiek antolatzeko "motibaziorik ez" du sumatzen inguruan Arrizabalagak. "Ez da ondo esanda egongo, agian, baina neu bustiko ez banintz, ez dakit jairik edukiko genukeen. Uste dut horixe dela errealitatea", gaineratu du.
Garatek ere ez du segizio handirik ikusten Urrategiko festen antolakuntzari dagokionez, nahiz eta pozik hartu zuten duela bi urte auzoko guraso gazte batzuk zapatuan auzokoentzat bazkaria antolatzen hastea. "Erreleboa ez dago erraza", dio, baina hala ere, festak antolatzen aritzen den lantaldeak oraindik karretea duela uste du.
Auzoetan ere festak astegunetan egiten ziren garaiak ekarri ditu gogora Itzeder Arrizabalagak
"Ondo ari gara lanean, eta ez genituzke nahi dauzkagunak baino traba gehiago, dauzkagun horiek nahikoa ditugu eta", dio Garatek. Izan ere, auzoetako jaiak antolatzen musu-truk lanean aritzen direnak burokraziak gero eta estuago hartzen dituela kontatu dute bai Garatek, bai Arrizabalagak. "Udalak laguntza ematen digu eta eskertzekoa da hori, baina tramiteak gero eta estuagoak dira. Ticket Bai, fakturak... Gaizki irteten bazaigu, kubrituko al luke gastua udalak? Borondate onenarekin gabiltza hor hamabost bat lagun, eta gainetik, zirikatu gehiago. Ez gara ari lanean horko etekinagatik, Urrategiko auzoari egun horretan zerbait ederra eskaintzeagatik baizik. Ez al diogu kulturalki ere ekarpen bat egiten herriari?", galdetu du Garatek.
Garaiek aldatzen jarraitzen dute, izan ere. Baina auzoetako jaiek, batzuek, behintzat, hortxe jarraitzen dute, gorabeherak gorabehera eta trabak traba, txikitik eusten.
(Argazkiak: Udal artxiboa eta utzitakoak)