Trumpek Netflixi muga zergak ezarri aurretik, segi lehenbailehen Adolescence seriea ikustera. Hasteko, lau ataletako bakoitza plano sekuentzia bakarrean grabatuta teknikoki miraria egitera hurbiltzen delako, baina ez horregatik bakarrik. Zera galdetzera derrigortzen gaituelako: nola da posible 13 urteko mutiko batek klaseko neska bat hiltzea?
Antza, Jack Thorne gidoilaria Interneteko foro maskulinoetan murgildu zen seriearen bilbea josi ahal izateko, eta egiaztatu zuen han zabaltzen diren mezu misoginoak erakargarriak izan daitezkeela gizonentzat eta mutil gazteentzat, hainbeste, ezen beren jarreretan eragina izan baitezakete. Eta eragin horrek mutil argi, jator eta normal bat harrapatu dezakeela erakustera dator Adolescence. Nago, ordea, gizonkeriaren berrarmatzearen zantzuak gero eta agerikoagoak direla Internetetik kanpo ere, eskoletako patioetan eta etxe azpiko tabernetan, kasurako.
Bataila kulturalean nork bere armak ekoiztea erabakigarria da
Plot twist: oroitzen Jose Bretonekin? Nola da posible gizon batek bere bi seme-alabak hiltzea, haurron amari min emateko ituarekin? 2011an Espainiako Estatuko (Euskal Herrikoa barne) iritzi publikoa astindu zuen indarkeria bikarioko kasu hark berriz egin du salto komunikabideetara berriki, El odio liburua argitaratu zelako lehenik, eta egun gutxira Anagrama editorialak erretiratu egin zuelako, bigarrenik. Luisge Martin kazetariak biktimarioa elkarrizketatu ondotik osatu duen lana merkatutik kentzea zentsura den ala ez eztabaidatzen aritu dira batzuk, baina, egiaz, zentsuratu duten lehena biktima izan da, kazetariak ez baitu haren hitzik jaso, ezta argitaratzeko baimenik ere.
Liburu horren argitalpena moralki arbuiagarria izan daitekeen arren, egiaz, berau erretiratzeak ez du geldiaraziko olatu misoginoaren indarra, lapur bat kartzelan sartzeak lapurretekin amaitzen ez duen eran. Eta, ultrek zaunka egiten duten aldiro miau erantzutera mugatzen bagara, etengabeko autodefentsaren zangatik ezin atera geratuko gara, eskuinari, misoginiari, arrazakeriari… espazioak okupatzeko bidea libre utzita.
Plano sekuentzia batean nola, ultrak ez dira atsedenik hartzen ari, puztuta dabiltza han eta hemen, eta joko zelai horretan errodatzen ari den bataila kulturalean nork bere armak ekoiztea erabakigarria da, Interneten, tabernan edo eskolako patioan espazioak irabazteko, istorioa ez dadin beti bezala amaitu: gizon bat emakume baten kontra indarkeria erabiltzen.
Hortaz, zaunka egiteko adoreaz jabetu ezean, ezkutuaren atzean zauriak miazkatzen jarraitu beharko dugu, zera marrakatzen dugun bitartean: nola da posible?