Lanak amaituta, gaur, asteartea, zabaldu dute Txalonerreka eta Altamira lotzen dituen Malkorbide kaleko errepidea. Aurrerantzean, San Martin, Altamira eta haragoko herritarrek beste sarrera-irteera bat izango dute erabilgarri. Guztira, 300 metro inguru dituen sei metro zabaleko bidea eraiki dute, %6ko pendiza duena; izan ere, Txalonerreka barrenetik Altamira gainera hogei metroko altuera dago. Errepidearen bi alboetan, berriz, bina metroko bi espaloi eta bidegorria egokitu dituzte, azken hori Urolako bidegorriarekin lotuz.
Bidea bere osotasunean bukatuta, gaur bisita egin dute Ana Azkoitia alkateak, Imanol Arrizabalaga Hirigintza zinegotziak, Arturo Garate udal arkitektoak eta Xabier Sarriegi Asmatu ingeniaritzako obra zuzendariak. Lanen aurrekontua 3.875.514 eurokoa izan da, eta urte eta erdian amaitu dituzte, aurreikusi baino hilabete batzuk gehiago; izan ere, 2023ko abenduaren bukaeran hasi zituzten lanak gune horretan.
Udalak behin baino gehiagotan esan du agintaldiko "obrarik garrantzitsuenetakoa" dela, herri barruko lotune horrek "etxebizitzak eraikitzeko eremu bati bide" emango diolako eta "Txalonerreka herrigunera gerturatu" duelako. Alkateak azaldu du "obra handia" izan dela. "Argi genuen bide hori eraiki behar genuela, erabaki horren mende zeudelako alokairura bideratutako babestutako 115 etxebizitza, eta sustapen pribatuko beste hainbat etxe-bloke eraiki edo ez eraiki. Kostatu da, baina egina dago", adierazi du.
Azkoitia Lantzen sozietate publikoak Jaurlaritzari Txalonerrekako hiru partzela saldu zizkion aurreko agintaldian 1.080.910 euroren truke, bueltan Jaurlaritzako babestutako etxebizitzak eraiki zitzan. Alkateak azaldu du hitzarmen horrek "finantzaketari aurre egiten lagundu" duela. Sozietate publiko horrek, udalak eta Eusko Jaurlaritzak 2021ean sinatu zuten lankidetza hitzarmena, eta joan den apirileko udalbatzarrean berretsi zuen udalak hitzarmena beste lau urtez luzatzea, 2021ean hartutako konpromisoak betetzeko asmoz.
Behin bidearen lanak bukatuta, Altamira gainean, Kukuerri auzorako eta Bizilore ikastetxerako bidegurutzean, biribilgune bat eraikitzea da orain udalaren asmoa. Lan horiek egin ahal izateko finantzazio bideak adosteko, baina, udala Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako sailarekin dago harremanetan. Proiektuak bere osotasunean jasotzen du, ordea, ondorengo fase batean bidea Juin eremuraino luzatzea, hala bide-sare nagusia herrigunearen hegoaldetik itxiz. Aurrerago egingo dituzte, era beean, errepidearen Txalonerreka aldeko urbanizazio lanak, tartean, zubi berri bat eraikiz.
Hurrengoak, etxebizitzak
Behin bide hori eginda, Txalonerrekatik Altamirarako bidearen ezkerraldean etxebizitzak eraikitzeko lanak hasiko dituzte laster. Udalak azaldu du urte honetan bertan edota datorrenaren hasieran abiatuko dituztela obra horiek. Hain justu, sustapen pribatuko 70 etxebizitza eta babestutako alokairuko 75 etxebizitza eraikitzeko proiektuak daude jasota udalean.
Munok egingo ditu sustapen pribatuko etxeak, eta sustatzaileak uda ondoren hasiko dira lan horiekin. Aldiz, Jaurlaritza urte amaierarako saiatuko da babestutako etxebizitzen exekuzio lanak lizitaziora ateratzen. Sustapen pribatuko etxeak gaur zabaldu duten errepidetik gertuen geldituko den blokean eraikiko dituzte, eta haren atzean, babestutako alokairukoak.
Arturo Garate udal arkitektoaren arabera, Munok eta Jaurlaritzak iazko azaroan aurkeztu zuten San Martin aldeko lehen bi bloke horien oinarrizko proiektua, eta dagoeneko udalak eman die baimena biei. Dena den, lanei ekin aurretik exekuzio proiektua aurkeztu beharko dute bai eraikuntza enpresak, bai Jaurlaritzak.
Munok eraikiko dituen etxebizitzen garajeek gaur zabaldu duten errepidearen aldetik izango dute sarrera, eta blokearen beste aldera izango ditu bebarruak. Jaurlaritzak eraikiko dituen babestutako alokairuko etxebizitzen bebarruak aurrez aurre izango dituzte horiek, beraz. Hori hala izanda, udalak gune hori urbanizatzeko bide gehiago eraikiko ditu beste fase batean: batetik, Munok eta Jaurlaritzak eraikiko dituzten bi etxebizitza blokeen artean joango da bideetako bat, eta bestetik, Tallenta baserriaren azpialdean.