Martirietako auzotarrek prest dituzte pentekosteak, eta aurten, bi egunetako egitarauarekin ospatuko dituzte auzoko festak; ostiralean zein igandean, hamaika ekintzaz gozatzeko aukera izango dute hango plazan elkartzen diren haur, gazte zein helduek.
Ostiralean, 19:00etan hasiko dituzte festak eta trikipoteoa egingo dute aurrena. Ondoren, bertso afaria izango da Julio Soto eta Amets Arzallus bertsolariekin, eta horren ostean, trikitilarien txanda izango da. Goizaldean, gainera, baratxuri zopa eskainiko dute.
Igandean, 10:00etan meza nagusia egingo dute, eta amaitzen denean hamaiketakoa eskainiko dute elkartean zein bentan. 12:00etan, Arraza Libreko III. Artzain Txakur Txapelketa jokatuko dute, eta 14:30ean auzo bazkaria izango da. Arratsaldean, bestalde, umeentzako jolasek hartuko dute auzoko plaza, 17:00etan hasita, eta haientzako meriendarekin amaituko dituzte festak.
Ostiraleko bertso afarirako zein igandeko bazkarirako egin daitezke erreserbak, 638 42 71 68 telefono zenbakira deituta. Bertso afariak 45 euroko prezioa du, eta hara joaten direnek honako hau izango dute menuan: urdaiazpikoa, entsalada errusiarra, oilaskoa, txuleta letxugarekin, postrea, kafea, kopa eta edaria. Igandeko bazkarian, berriz, honakoa eskainiko dute, 35 eurotan: paella, entsalada mistoa, oilaskoa, txuleta, postrea, kafea, kopa eta edaria.
Joan-etorrirako autobusak
Antolatzaileek aurten autobus zerbitzua ere prestatu dute herrigunetik auzora igotzeko eta handik jaisteko: ostiralean, 19:00etan, 19:25ean eta 19:50ean abiatuko da autobusa San Martin kaleko geltokitik Martirietara, eta handik jaisteko autobusa, berriz, 03:00etan, 03:20ean eta 03:45ean izango da.
Igandean, bestalde, 11:00etan 16:30ean irtengo du autobusak herrigunetik auzora, eta handik itzuli nahi duenak 14:00etan eta 19:00etan izango du aukera.