Herriak jai ederrarekin ospatu du igandea

Andoni Elduaien 2025ko eka. 1a, 14:55

Herritar ugari bildu da plazaren bueltan, eta giro ezin hobe sortu da goiz osoan zehar. Lagun batzuk baserritarren edota ekoizleen produktuak erostera joan dira, eta besteak, txahal errearen pintxoa sagardoaren laguntzarekin dastatzera.

Janaren usainak erakarrita, herriko plaza jendez bete da gaur, igandea. Tokiko baserritarrek eta ekoizleek beren etxeetako produktuak aurkeztu dituzte postuetan, hala nola loreak, barazkiak eta bestelako hamaika produktu. Gaur goizaldean hasita erre duten txahalak ere bat baino gehiagori zabaldu dio apetitua. 

Guztira, baserritarren eta ekoizleen zortzi postu izan dira plazan, horietatik lau herrikoak: Azkoitiko Ipintza, Zumeta, Santa Kutz zein Zabaleta. Inguruko herrietatik etorri dira, bestalde, Etxearreta, Berastegi, Lizagasar eta Santa Klara baserrietako ordezkariak.

Etxean baino kalean jatea nahiago izan dutenek txahal erreari mokadua egiteko tartea hartu dute. 12:00etan hasi dira pintxoak banatzen Kultur Etxearen azpiko arkupetan, eta ordurako ilara luzeak sortu dira bai pintxoa lortzeko, bai sagardoaren edalontzia betetzeko; izan ere, Aburuza, Añota, Lizagasar eta Ekain etxeetako sagardoa eskaini dute plazako eskaileren aurrean. Txikienek, berriz, Goiko Losa frontoira jotzea nahiago izan dute, puzgarriak eta jolasak aukeran izan dituzte eta.

Udalak ekainaren lehen igandean antolatu ohi du bertako baserritarren eta ekoizleen produktuak plazaratzeko eta "baserri munduari gorazarre" egiteko Herri Jaia. Gaur, jendeak ondo erantzun du, plazan herritar ugari bildu baita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide