Aldundiak Azkoitia eta Urretxu arteko errepidearen tarte bat konponduko du

Andoni Elduaien 2025ko mai. 30a, 16:33

Aizpurutxo auzoko errepidea. (Atxiboa)

Lanak 27+800 eta 30+600 kilometro puntuen artean egingo dituzte, eta etzi, igandea, gauean hasiko dituzte. Zoruaren tarteko geruza eta errodadura geruza birgaituko dituzte aurrena, eta gero, errepidearen tarteko geruza berria zabaldu, ondoren gainekoa zabaldu ahal izateko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur, ostirala, jakinarazi du datozen asteetan Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepideko hainbat puntutan zorua konponduko dutela. Tarte horiek egun martxan dauden bigarren birgaitze faseko lanetatik kanpo egingo ditu erakundeak; izan ere, azaldu du "premiazko esku-hartzea" behar duela errepideak. Lanak etzi, igandea, gauean hasiko dituzte.

Lanak 27+800 eta 30+600 kilometro puntuen artean egingo ditu aldundiak, errepidearen aurreneko birgaitze fasean bukatu zituzten aurreratze-erreiaren amaieraren, hain justu, Aizpurutxo parean, eta Aitxuko bihurgunearen artean. Zoruaren tarteko geruza eta errodadura geruza birgaituko dituzte, bi fasetan fresatuko dute-eta errepidea. Oinarria prestatu ondoren, tarteko geruza berria zabalduko dute, eta, ondoren, gainazaleko geruza zabaldu. 

Tarteko geruza fresatzeko eta birjartzeko lanak bi astez luzatuko direla aurreikusi du aldundiak, betiere eguraldiak laguntzen badu. Lan horiek gauez egingo dituzte, "trafikoari ahalik eta gutxien eragiteko". Errodadura geruza zabaltzeko lanak, ordea, egunez egin beharko dituzte, eta, beraz, seinaleen bidez erregulatuko dute trafikoa. "Lan hauekin erantzuna emango zaie tarte horiek konpontzeko eskatzen zuten erabiltzaileen erreklamazioei, eta indartu egiten dira bide segurtasuna eta lurraldeko errepide sarearen mantentzea, eskualdean funtsezkoa den bide batean", azaldu du aldundiak ohar bidez. 

Trafikoari eragin diezaioketen gorabeherak aldez aurretik jakinaraziko dituzte, ohiko informazio-kanalen bidez. Gukak ere emango du jakinarazpen horien berri, honako kanal honetan

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide