Gizarte langilearen lanpostua sortzea erabaki du udalak

Andoni Elduaien 2025ko mai. 29a, 13:00

Gizarte langile baten lanpostua sortzea eta arkitektoaren zein kontu-hartzailetza teknikariaren lanpostura aurkezteko baldintzak aldatzea onartu zuen udalbatzak. Datorren urteko uztailaren 30a eta azaroaren 30a jaiegun izendatu zituzten, bestalde. 

Azkoitiko Udalak maiatzeko udalbatzarra egin zuen atzo, asteazkena, udaleko bilkura areto nagusian. Bilkura motza izan zen, zortzi minutu eskasekoa; izan ere, bost puntuko gai zerrenda aurkeztu zuen udal gobernuak, eta eztabaida gutxi sortu zuten horiek. 

Batetik, udalak abenduan onartu zuen lanpostu zerrendari lehen aldaketa bat egitea proposatu zuen udal gobernuak. Batetik, gizarte langilearen lanpostua sortzea proposatu zuten, eta bestetik, aurretik udalaren lanpostu zerrendan zeuden arkitektoaren eta kontu-hartzailetza teknikariaren lanpostuari baldintza batzuk gehitzea.

Ana Azkoitia alkateak eman zituen aldaketa horiei buruzko azalpenak; arkitekto lanpostura aurkezteko, erakundeak arkitektura lizentziatura edo gradua eta masterra eskatzen zituen orain arte, baina, aurrerantzean, lanbide elkargo horretako kidea izatea ere ezinbesteko baldintza izango da. Kontu-hartzailetzako goi mailako teknikariari dagokionez, berriz, A1 mailako gradu edo lizentziatura eskatuko du aurrerantzean udalak titulazio gisa. 

Azkoitia Bai herri plataforma izan zen udal gobernuaren proposamenari abstentzioarekin erantzun zion bakarra; gainerako udal talde guztiek alde bozkatu zuten. Jose Joakin Etxaniz herri plataformako bozeramaileak adierazi zuen, ados zeudela proposatutako aldaketekin, baina haiek eskatutako partaidetza teknikariaren kontuarekin "aurrerapausorik ikusten ez" dutela eta, abstentziora jo zuten.

Bozeramaileak esan zuen, beste herriekin izan dituzten harremanetan "garbi" ikusi dutela partaidetza teknikaria dagoen herrietan, hala nola Tolosan, Oñatin, edota Errenterian, "herritarren parte hartzeak beste garrantzi bat" hartzen duela. "Herritarrek udal politikan erabakitzea nahi badugu, etengabeko lana egiten jarraitu behar dugu, alderdien koloreak alde batera utziz, urtez urte pauso berriak emanez. Horregatik ikusten dugu ezinbestekoa teknikari horren figura udalean", esan zuen.

Alkateak erantzun zion Etxanizi. "Azken urteetan pausoak eman ditugu parte hartzeko gaietan, baina momentuz udal gobernu honek ez du aurreikusten partaidetzako teknikari baten lanpostua sortu behar dugunik. Iruditzen zaigu baditugula lehenago pertsonal aldetik zuzendu beharreko beste kontu batzuk". 

Jaiegunak, zehaztuta

Bestalde, udalak atzo erabaki zuen 2026. urteko herriko bi jaiegunak zein izango diren. Udal talde guztiak ados azaldu ziren udal gobernuak egindako proposamenarekin, eta hala, uztailaren 30a, San Inazio bezpera, eta azaroaren 30a, San Andres eguna izango dira Azkoitiko bi jaiegunak. Bi egun horiek ordainpeko egunak izango dira, baina ez da berreskuratu beharrik izango.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide