Azkoitiko Udalak bihar, asteazkena, egingo du udalaren maiatzeko ohiko udalbatzarra (18:00). Ohi bezala, udaletxeko bilkura areto nagusian elkartuko dira udalbatza osatzen duten lau udal taldeetako ordezkariak.
Udalbatzar arina izatea aurreikusten da; izan ere, bost puntuko eguneko gai zerrenda aurkeztuko du udal gobernuak bihar. Izapide kontuak izango dituzte hizpide, nagusiki. Batetik, udalaren aurtengo lanpostuen zerrendaren lehen aldaketaren hasierako onespenaz hitz egingo dute, eta bestetik, herriaren datorren urteko bi jaiegunez; izan ere, udalbatzarrak erabaki beharko du bihar udalerriaren 2026ko bi jaiegunak zein izango diren.
Ohi bezala, 18:00etatik aurrera, Gukaren webgunean zuzenean jarraitu ahal izango da biharko udalbatzarra.
Hona hemen biharko gai zerrenda:
- Aurreko bilkuretako akten onespenak, hala badagokio.
- 2025 ekitaldiko Azkoitiko udaleko lanpostuen zerrendaren lehen aldaketaren hasierako onespena.
- 2026 ekitaldian lan ondorioetarako, ordaindu egingo diren eta berreskuratu beharko ez diren, Azkoitiko udalerriko bi jaiegunak zehaztea.
- Aurrekontuari buruzko informazioa.
- Galde-erreguak.