Pentekoste jaiak ospatuko dituzte Martirieta auzoan ekainaren 6an eta 8an, eta bi egun horietan, besteak beste, hainbat otordu egingo dituzte: ekainaren 6an, ostiralez, bertso afaria izango da Julio Soto eta Amets Arzallus bertsolariekin, eta igandean, bazkaria izango da bentan; baterako zein besterako, 638 42 71 68 telefono zenbakira deituta egin daitezke erreserbak.
Bertso afariak 45 euroko prezioa du, eta hara joaten direnek honako hau izango dute menuan: urdaiazpikoa, entsalada errusiarra, oilaskoa, txuleta letxugarekin, postrea, kafea, kopa eta edaria. Igandeko bazkarian, berriz, honakoa eskainiko dute, 35 eurotan: paella, entsalada mistoa, oilaskoa, txuleta, postrea, kafea, kopa eta edaria.
Bi eguneko egitaraua
Auzotarrek egitarau oparoa prestatu dute pentekosteetarako, eta aurten, bi egunez izango dira ekintzak: ekainaren 6an, 19:00etan emango diote hasiera jaiari, trikipoteoarekin, eta bertso afariaren ostean, trikitilariek girotuko dute auzoa. Goizaldean, gainera, baratxuri zopa eskainiko dute.
Igandean, berriz, 10:00etan meza nagusia egingo dute, eta amaitzen denean hamaiketakoa eskainiko dute elkartean zein bentan. 12:00etan, Arraza Libreko III. Artzain Txakur Txapelketa jokatuko dute, eta 14:30ean bazkaltzera joango dira. Arratsaldean, bestalde, umeentzako jolasek hartuko dute auzoko plaza, 17:00etan hasita, eta haientzako askariarekin amaituko dituzte festak.
Joan-etorrirako autobusak
Horrez gain, aurten autobus zerbitzua ere prestatu dute herrigunetik auzora igotzeko eta handik jaisteko: ostiralean, 19:00etan, 19:25ean eta 19:50ean abiatuko da autobusa San Martin kaleko geltokitik Martirietara, eta handik jaisteko autobusa, berriz, 03:00etan, 03:20ean eta 03:45ean izango da.
Igandean, bestalde, 11:00etan 16:30ean irtengo du autobusak herrigunetik auzora, eta handik itzuli nahi duenak 14:00etan eta 19:00etan izango du aukera.