50 motozale baino gehiago bildu ditu gaurko topaketak

Aitziber Arzallus 2025ko mai. 10a, 14:18

Bikers Urola Kosta taldeak bosgarrenez antolatu du topaketa Azkoitian. Goizekoak eginda, bazkaltzera joango dira orain, eta arratsaldean, 17:30etik aurrera, Migel Angel Jimenez pilotu errioxarrak trial ikuskizuna eskainiko du plazan.

Azkoitiko plaza motozaleen bilgune bihurtu da gaur goizean, Bikers Urola Kosta taldeak antolatuta bosgarrenez egin duten topaketa tarteko. Aurrenak 09:30 aldera hasi dira plazara bertaratzen, eta 10:30erako 50etik gora elkartu dira. 11:00ak jotzeko minutu batzuen faltan, motoak arrankatu eta aurreikusitako osteratxoa egitera joan dira denak batera, eta Azpeitiko Añota sagardotegian geldialdia egin ostean, atzera Azkoitira itzuli dira, baina goizean joandakoak baino gutxiago. Berdura Plaza alboan motoak aparkatu, eta Plazaberrin egin dute bazkalaurreko poteoa.

Arratsaldean ere izango da motoei lotutako jarduerarik herrian. Izan ere, trial ikuskizuna eskainiko du herriko plazan Migel Angel Jimenez pilotu errioxarrak. 17:30ean hasiko da hura ikuskizuna ematen plazara bertaratzen diren herritarren aurrean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide