Moto hotsek hartuko dute zapatuan Azkoitia

Andoni Elduaien 2025ko mai. 6a, 09:18

Iazko topaketako irudi bat. (Ane Olaizola)

Moto gaineko ibilbidea, txikiteoa, bazkaria, zozketak eta trial ikuskizuna antolatu dituzte zapaturako Bikers Urola Kosta taldeko kideek. Bazkaritarako izen-ematea larunbatera arte luzatu dute antolatzaileek.

Motoen plaza bihurtuko da zapatuan Azkoitia. Bikers Urola Kosta taldeak antolatuta, moto topaketa egingo dute bosgarrenez herrian. Antolatzaileek goizetik iluntzera arteko egitaraua ondu dute aurtengo urterako ere.

09:30 inguruan hasiko dira motozaleak herriko plaza nagusian elkartzen; izan ere, ordu horretan jarriko dute 14:30ean lagunartean egingo duten bazkarirako txartelak jasotzeko mahaia. Antolatzaileek hasiera batean atzora arte zuten irekita bazkarirako izen-ematea zabalik, baina, gaur jakinarazi dutenez, interesa dutenek larunbatera arte izango dute horretarako aukera, 24 euro ordainduta. "Eguraldiaren ziurgabetasunak bultzatuta" hartu dute erabaki hori. 943-14 35 06 telefono zenbakira deituta jar daiteke harremanetan antolatzaileekin.

Partaide guztiak elkartzen direnean, moto gaineko ibilbide bat egitera aterako dira 10:30ean. Aurten, Azpeitiko Añota sagardotegiraino joango dira motozaleak; 11:15 inguruan iritsiko dira hara, eta ordubete inguruko geldialdia egingo dute bertan. Ordua betetakoan, moto gainera igoko dira berriro, atzera Azkoitira itzuli ahal izateko. Hain justu, 13:00etan txikiteoa egiteko hitzordua dute jarrita, eta ordu eta erdiz kalerik kale ibiliko dira. 14:30ean, berriz, bazkaltzeko elkartuko dira.

Arratsaldean, berriz, trial ikuskizuna eskainiko du herriko plazan Migel Angel Jimenez pilotu errioxarrak. 17:30ean hasiko da hura bere trikimailuak eskaintzen plazan bildutako herritarrei. Hona hemen zapaturako Bikers Urola Kosta taldeak antolatu duen egitaraua:

  • 09:30. Bazkarirako txartelak jasotzeko mahaia zabalduko dute.
  • 10:30. Moto haineko ibilbidea egitera irtengo dira.
  • 11:15. Geldialdia, Añota sagardotegian.
  • 12:15. Moto gaineko ibilbideari berrekingo diote.
  • 13:00. Azkoitira iritsiera eta poteoa.
  • 14:30. Bazkaria.
  • 17:30. Trial ikuskizuna herriko plazan, Miguel Angel Jimenez pilotuaren eskutik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide